Haurtzaro Ikastolak KEI izeneko kalitate saria lortu berri du

Haurtzaro Ikastolako KEI egitasmoaren arduradun taldea. / GOIZARIN

Kalitatezko Egitasmo Integratua izeneko ziurtagiria lortzea bukatu berri den ikasturteko egitasmoa izan da

GOIZARIN OIARTZUN.

Haurtzaro Ikastolak KEI (Kalitate Egitasmo Integrala) ziurtagiria lortu du bukatu berri den 2016-17 ikasturtean. «Urte askotako ahaleginaren, lanaren eta ilusioaren ondorengo fruitua izan da», adierazi du Sorkunde Lekuona Sagarzazuk, Haurtzaro Ikastolako zuzendariak.

Horreum fundazioko kalitatea egitasmoaren auditoreek KEI proiektuaren auditoretza ekainaren 27an eta 28an egin zuten Haurtzaro Ikastolan. «Auditoretzan ikastolako gurasoek, ikasleek eta langileek parte hartu genuen», gaineratu du zuzendari oiartzuarrak. «Herenegun, hilaren 7an, berri ona jaso genuen auditoreen eskutik, Haurtzaro Ikastolak KEI egitasmoaren kalitatezko zigilua jasoko du», aitortu du pozarren. «KEI ikastetxeetan esku hartzeko eredu bat da, eta zigilu horrek ziurtatzen du gure ikastola prozesuen eta pertsonen lanaren hobekuntzan oinarritutako erakundea dela», argitu du Lekuonak. «Kalitatezko ziurtagiria ikastetxe honi ematea erabakitzean Haurtzaro bere osotasunean hartu dute aintzat: zentroaren planteamenduak, antolaketa, elkarbizitza, tutoretzak, curriculuma, prestakuntza, familia eta inguruarekiko harremanak...», zehaztu du zuzendariak.

3 eta 16 urte bitarteko 819 ikasle dituen Haurtzaro Ikastolak apustu garbia egin zuen kalitatearen alde 2011n proiektu honekin hasi zen unetik. «Haurtzaro Ikastolaren komunitate osoa zoriondu nahi dut. Poztu gaitezen, gure ikasleak kalitateko ikastola batean daudelako», dio Lekuona Sagarzazuk.

KEI egiaztagiria

KEI izeneko egiaztagiriak, gero eta ezagunagoa denak, hiru ezaugarri ditu: batetik, kalitatearen arloan Ikastolen Elkarteak proiektu propio gisan definitua da; bestetik, enpresen munduak sortutako eredua izan beharrean, Deustuko Unibertsitateak, Horreum Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak diseinatua da, irakaskuntza zentroak ebaluatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka; azkenik, Euskalit-en Q Ziurtagiria ezagunagoa bada ere, haren parekoa da, ikastetxearen kalitatea neurtzeko irizpideak alderatuz gero.

Fotos

Vídeos