Haurtzaro Ikastolak hiru akreditazio lortu ditu bukatu berri den ikasturtean

KEI egitasmoaren arduradunak. / GOIZARIN
KEI egitasmoaren arduradunak. / GOIZARIN

Kalitate Egitasmo Integrala izeneko zigilua; IKT erdi mailako akreditazioa; eta Agenda 21eko aintzatespena erdietsi ditu aurten

GOIZARIN OIARTZUN.

Pozik dago Haurtzaro Ikastolako Kontseilu Errektorea, azken ikasturtean hiru akreditazio garrantzitsu lortu dituelako bertako hezkuntza komunitateak. «Harro egoteko moduan gaude», adierazi du Axier Bergaretxe Haurtzaroko lehendakariak. «Urte seinalatua izan da 2016-17 ikasturtea, ikastolako 50. urteurrena ospatu duelako. Mende erdia bete den urte berean Ikastolak hiru akreditazio erdietsi ditu: KEI (Kalitate Egitasmo Integrala) izeneko akreditazioa, Heldutasun Teknologikoan erdi mailako akreditazioa eta Agenda 21eko aintzatespena», gaineratu du.

KEI egiaztagiria

Kalitate Egitasmo Integratua (KEI) izeneko egiaztagiriak, gero eta ezagunagoa denak, hiru ezaugarri ditu: batetik, kalitatearen arloan Ikastolen elkarteak proiektu propio gisan definitua da; bestetik, enpresen munduak sortutako eredua izan beharrean, Deustuko Unibertsitateak, Horreum Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak diseinatua da, irakaskuntza zentroak ebaluatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka; azkenik, Euskalit-en Q Ziurtagiria ezagunagoa bada ere, haren parekoa da, ikastetxearen kalitatea neurtzeko irizpideak alderatuz gero.

Horreum fundazioko kalitatea egitasmoaren auditoreek EKI proiektuaren auditoretza ekainaren 27an eta 28an burutu zuten Haurtzaro Ikastolan. Auditoretzan ikastolako gurasoek, ikasleek eta langileek parte hartu zuten.

Heldutasun Teknologikoa

Bestalde, Haurtzaro Ikastolaren Heldutasun Teknologikoa neurtzeko, otsailaren 16an jaso zuten IKT ikuskariaren bisita. Aurre auditorioan, Haurtzaro Ikastolan oso lan ona egiten dela azpimarratu zuen IKT ikuskariak, eta erdi mailako akreditazioa eman zion Haurtzaro Ikastolari, aldi berean aitortuz jadanik gauzatzen zirela goi mailako akreditazioko hainbat prozesu ere.

Josu Arotzena da Haurtzaro Ikastolako Informazio eta Komunikazio Teknologien arduraduna.

Agenda 21

Azkenik, Haurtzaro Ikastola jasangarria dela ziurtatzen duen aintzatespena jaso zuen maiatzean. Izan ere, Ingurumena ez da gai berria Haurtzaro Ikastolan. Ikasleekin lantzen den zehar lerroetako bat da, eguneroko funtzionamenduan oso presente dagoena eta Ikastola hobetzeko bidean kontuan hartzen dena. 2005etik egindako bidea oso emankorra izan da ikastolan. «Agenda 21 aintzatespenaren bidez, Haurtzaro Ikastola ikastetxe jasangarria dela aitortu zaio eta, aurrerantzean ere, orain arteko konpromiso maila berarekin jasangarritasunaren alde modu egoki eta iraunkorrean lan egiteko konpromisoa berresten du», adierazi du Madalen Usabiagak, Agenda 21eko irakasle arduradunak.

«Argi dago horrelako akreditazioak hezkuntza komunitate osoaren sariak direla, baina ez ausazkoa, hezkuntza kalitatearen ondorio baizik», azpimarratu du Bergaretxek. Bukatzeko, ikastolako komunitate osoaren «kemena» goraipatu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos