Haurtzaro Ikastolak 2018/19 ikasturteko matrikulazio kanpaina hasiko du

BASTEROBERRI OIARTZUN.

'Hazia heziz, loratu' leloa hartu du aurten Haurtzaro Ikastolak 2018-2019 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkezteko. Aritz Gonzalez zuzendariak Haur Hezkuntzako irakasleekin egin du aurkezpen ekitaldia. «Matrikulazio kanpaina urtarrilaren 29an hasi eta otsailaren 9an amaituko da (biak barne). Bulego ordutegian egin beharko da: goizez, 08:15etik 13:30era, eta arratsaldez, 14:30etik 18:30era. Familia-liburua eta nortasun-agiriaren kopia aurkeztea beharrezkoa izango da», adierazi du. Matrikulazio-epea zabaldu aurretik, guraso bilera eta Ate Irekien jardunaldia antolatu dira ikastolan. Informazio bilera datorren asteazkenean izango da ikastolako Areto Nagusian, arratsaldeko 17:00etan. «Bilera euskaraz egingo dugu, baina gaztelerara aldibereko itzulpen-zerbitzua egongo da», argitu du zuzendariak.

Ate Irekien jardunaldia

Ikastola gertutik ezagutu nahi duen ororentzat, bestalde, Haurtzaro Ikastolak ateak zabalduko ditu hilaren 25ean eta 26an, goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:00etan eta 17:00etan. «Bertaratzen direnek Ikastolako lan egiteko moduan eta ikastolako txoko zuzenean ezagutzeko aukera izango dute», azpimarratu du zuzendariak. Ate irekietara joateko asmoa duenak aldez aurretik jakinaraztea eskatzen du Ikastolak, 943 49 16 59 telefonora deituz edota email bidez: idazkaritza@haurtzaro.ikastola.eus

Aritz Gonzalezek adierazi duenez, Haurtzaro Ikastolan ikasketa-prozesua hiru etapetan banatzen da, «eta horietako bakoitzean hezkuntza berrikuntzak garatzen ari gara». Jakin behar da, Ikastolen Elkarteak 3-16 urte bitarteko haurrentzako material didaktiko propioa lantzen duela.

Haurtzaro Ikastolak berrikuntza nabarmenak egin ditu aurtengo ikasturterako Haur Hezkuntzan. «Marko pedagogiko berria eta eraikuntza berria estreinatu ditu Haurtzaro ikastolak», nabarmendu du zuzendariak, pozik. «Ikaslea dago Ikastolak egiten dituen ekintza eta programa guztien erdigunean. Ikasleak ongi sentitzea eta ikasteko motibatzea da gure lehentasuna. Horretarako, Haur Hezkuntzan, ikasle bakoitzaren erritmoak eta gogoak errespetatuko dituen marko pedagogiko berria jarri dugu martxan. Eraikina ere berritu egin dugu eta eguneroko jarduna haurraren garapenerako lagungarriak diren espazioetan antolatu dugu». Hortaz, «espazio ireki, argitsu eta goxoa dute haurrek».

Lehen Hezkuntzako ikasleek EKI-LH eta KiVa programan parte hartzen dute, mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena. Bestetik, ingelesean murgiltzeko FIE programa ere lantzen da. «Aurten ere, esate baterako, astebeteko murgiltzea egin dute jatorrizko irakasleekin. Obrak zirela eta beranduago hasi ginelako. Baina, aurreko urtetan bi astez egin izan da», nabarmendu du Gonzalezek.

Ikastolan egiten den azken urratserako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, EKI proiektua lehenetsi da. «Konpetentzietan oinarritzen dugu; ikasleak konpetentziak bereganatzen ditu, eta horiei esker, bizitzako egoera errealei aurre egiteko zailtzen dira. Konpetentziak eta digitalizazioa dira oinarri nagusiak, paperezko libururik apenas erabiltzen baita» Aritz Gonzalezek gogoratu du «Ikastolan jasotakoa emaitza akademikoetatik askoz haratago doa: lagunak, bizipenak, euskara, aurkikuntzak, jolasak, ospakizunak, emozioak... horiek guztiak dira Ikastolako haurren oroitzapenen kutxak betetzen dituztenak eta Ikastolako eskaintza berezi egiten dutenak. Horregatik Haurtzaro Ikastolan «Hazia heziz loratu» egiten da ikaslea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos