Harrera beroa Erronkako txapeldunei

Haurtzaroko ikasleen txalo zaparrada jaso zuten txapeldunek. /
Haurtzaroko ikasleen txalo zaparrada jaso zuten txapeldunek.

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Pasa den asteartean, Haurtzaro Ikastolako ikasleak bertako anfiteatroan bildu eta harrera beroa eskaini zioten aurtengo Kilometroetan Erronkan txapeldun izan den ikasle taldeari. Aritz Gonzalez zuzendariak goraipatu zuen ikastolako gazteek Oñatin egindako lana, irailaren 24an. Gero, Erronkako taldearen izenean Malen Elizasuk eta Maddi Mujikak hartu zuten hitza eta bizitutako esperientzia laburtu zuten. Talde osoak ongi merezitako txalo zaparrada jaso zuen. Era berean, datorren urtean Urretxu-Zumarragan ospatuko den Kilometroak jaialdian parte hartzeko asmoa agertu zuten Haurtzaroko gazteek.

2013an jarri zen abian Erronka, Tolosan ospatutako Kilometroetan. Lehen edizioan Haurtzaroko erronkariek arrastoa utzi zuten, txapeldun amaitu zuten eta. Iazko edizioan ere nagusitu ziren oiartzuarrak, Bergaran ospatu zen euskaldunen jaian. Eta pasa irailaren 24an Oñatin jokatu zen Erronka irabazita hirugarren arrastoa utzi zuten oiartzuarrek, txapela hirugarrenez lortzen duen lehen ikastola baita. Horretarako, lehiaketan askotariko proba bizi eta zirraragarriak egin zituzten indarra, abilezia, buru-argitasuna eta abiadura erabiliz. Esan bezala, azkeneko proban AHORA! banderaren irabazleak Haurtzaro ikastolako Intxixuak izan ziren.

Fotos

Vídeos