Jai giroa nagusituko da Artikutzan bihar

Eguraldia lagun, Artikutza leporaino beteko da astelehenean./GOIZARIN
Eguraldia lagun, Artikutza leporaino beteko da astelehenean. / GOIZARIN

Goizeko 8:00etan zabalduko dute Eskaseko atea, nahi duenak bertara joateko, baimenik gabe

GOIZARINOIARTZUN.

Datorren astelehenean, hilak 28, San Agustin eguna izango da eta urtero bezala Artikutzako natura gunea zabalik egongo da bertara joan nahi duenarentzat. Hala, gure inguruko herri askotatik (Oiartzun, Goizueta, Arantza eta Lesaka, esate baterako) bisitari ugari gerturatuko da hitzordu jakin honi huts egin gabe. Gainera, egun osoko egitaraua antolatu dute, beste behin ere.

Goizeko 11:00etan meza izango da, Egi Eder otxotearekin. Gero hainbat pilota-partida jokatuko dituzte Oiartzun eta Goizuetako eskoletako pilotariek, pasaka eta eskuz.

Inguruko bazter ederretan bazkari legea egin ondoren, arratsaldean ere izango zertan gozatua. Herri Kirolak maite dituztenek 17:00etan izango dute hitzordu garrantzitsua. Txinga eramaileak, aizkolariak, harri jasotzaileak eta lokotx bilketa ez da faltako Artikutzako frontoian. Azkenik, ilunabarreko 19:00etatik aurrera dantzaldia, aspertu arte.

Artisauen lanak

Ekitaldi horiez gain, artisauen lanak eta Euskal Herriko hainbat produktu dastatzeko aukera ere izango dute bisitariek, taloak, gazta eta pastelak esate baterako. Bi taberna ere zabalduko dira propio egun horretarako, jan-edanak eskuratzeko. Izan ere, egun hori izaten da Artikutzak ateak irekitzen dituen urteko egun bakarra.

Beraz, jakin Artikutzako atea 8:00etan zabalduko dela, eta urtegia inguratzen duen pistan autoetarako aparkalekua egongo dela. Alde batetik sartu eta bestetik aterako direnez, ez dute buelta eman beharko.

Artikutza, erlikia bizia

Gaur egun Artikutzako finka Donostiako Udaletxearen jabego pribatua da, Goizuetako lurretan kokatua dagoena. Penintsula osoko eskualde euritsuena eta Euskal Herriko lur eremu zaharrenetarikoa da.

Kokapenari dagozkion berezitasun hauei, gizakiak historiaurretik gaurdaino eragindako orbainak gehituz, Artikutzako paraje naturalaren egungo xarma ulertzen lagunduko digu.

Artikutza gaur egun, garai bateko baso autoktonoen erakusgarriak gordetzen dituen erlikia bizia da. Estimazioen arabera, 6.000.000 zuhaitz bizi dira Artikutzan. Ekosistema nagusia pagadia da, harizti eta haltzadiei gailenduz. Gainerakoa, konifero landaketak, larreak eta urtegiak estaltzen du. Baso hauek, hainbat animalia eta landare espezieren azken gordelekua bilakatu dira. Honen adibide izan daitezke, basakatua (Felis silvestris) eta Soldanella villosa landare endemikoa.

Gure asabek ezagutzen zituzten basoen adierazgarri den barruti hau, ingurumari guziak jasan duen gehiegizko ustiapenarekin alderatzeak, zer ikasia eman beharko liguke etorkizunera begira.

Fotos

Vídeos