Giro ederrean bukatu dira Ergoiengo jaiak

Ergoien auzoko pilotariak euren sariekin. / ARGAZKIAK BASTEROBERRI
Ergoien auzoko pilotariak euren sariekin. / ARGAZKIAK BASTEROBERRI

Gorka Hercek irabazi du Intxixu Trail Oiartzungo V. Mendi Lasterketa gizonezkoetan; Oihana Kortazar mutrikuarrak, emakumeetan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Amaitu dira Ergoien auzoko festak. Ostiralean hasi eta igandera bitarte hamaika ekitaldi izan dira, auzotarren gozamenerako. Auzokalte elkarteak erdiz erdi asmatu du aurtengoan ere, eta festek iraun duten bitartean jai giroa zabaldu da auzotik barrena, eguraldia lagun zutela. Larunbat arratsaldean, besteak beste, Intxixu Trail Oiartzungo V. Mendi Lasterketak korrikalari ugari, 218 denera, erakarri zituen Uztapide plazara. Arratsaldeko 16:30ean eman zitzaion hasiera probari, eta korrikalariak hantxe abiatu ziren malda gora, Oieleku aldera. Lasterketako lehen emakumea Oihana Kortazar Aranzeta mutrikuarra izan zen (1:31:55) eta Gorka Herce Arbelaitz oiartzuarra lehen gizonezkoa (1:16:39).

Guztira 41 oiartzuar animatu ziren proban parte hartzera. Horien artean emakume bizkorrena Olatz Mitxelena Larreta izan zen (1:49:36).

Gaztetxoek eta haurrek ere izan zuten V. Mendi Krosean parte hartzeko aukera paregabea.

XI. Plater tiraketa

Igande goizean, Gure Esku Dagok antolatutako Giza Katean parte hartzera joan ziren ergoiendarrak, Oriora. Hortaz, Amulleta Danborraren Kofradia eguerdian ibili zen auzoko giroa alaitzen.

Horren ondoren, auzotar guztientzat bazkaria zerbitzatu zuten Auzokalte Elkartean auzoko tabernek eskainitako menuekin. Hantxe omendu zituzten Ergoiengo aitona-amonak: Mari Karmen Arruti eta Avelino Saavedra. Arratsaldean, berriz, gaztetxoen arteko pilota partidak, haur jolasak, gaztetxoentzako betizuak... izan ziren. Bukatzeko, azken suziriak eman zien behin behineko amaiera aurtengo Ergoien auzoko festei. Izan ere, hilaren 17an, igandearekin, Aitor Txikiren omenez XI. Plater tiraketa egingo da, Arkaleko kanpan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos