Giro ederra Elizalde Egunean

Txikien emanaldia izan zen eguneko ekitaldirik politenetakoa . /  ARGAZKIAK BASTEROBERRI
Txikien emanaldia izan zen eguneko ekitaldirik politenetakoa . / ARGAZKIAK BASTEROBERRI

Aurtengo ekitaldian, DBH4ko ikasleek merezitako agurra jaso dute

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Eguraldi bikaina lagun, Elizalde Egun zoragarria ospatu zuten aurreko igandean, bai ikasleek, bai gurasoek ere. Goizean, krosean, orduz kanpoko ekintzetan... ikasle ugarik parte hartu zuten, ilusioz eta gogo biziz. Dantzan ere trebeak direla erakutsi zuten: Soinketa erritmikoan, akrobatikoan eta hip hop-ean, baita euskal dantzan ere.

Goizeko unerik hunkigarriena, berriz, jarraian iritsi zen: aurten jubilatu diren Fran Antin, Kontxi Larrañaga eta Lourdes Mitxelenaren omenaldian. Kontxiren agur-hi-tzekin eta txalo zaparrada beroarekin agurtu zituzten hiru irakasleak.

Aurten beste ekitalditxo bat ere txertatu dute egitarauan: DBH4ko ikasleek merezitako agurra jaso zuten. Zapi bana oparitu zieten, eta haiek bertso eder batekin laburbildu zuten eskolako urte luzeetako abentura. Bestalde, polita izan zen DBH4koek HH2ko txikienei eman zieten ongietorria ere. Zapi bana jarri zieten lepoan.

Era berean, zikloz zikloko ikasleen emanaldiek ere arrakasta handia izan zuten. Dantzak, antzerkia... Koloretsuak eta originalak izan ziren. Hainbeste ekintzaren ostean, jangelan bildu ziren guzti-guztiak. Txikienek berehala alde egin zuten puzgarrietan jolastera eta helduek Treku aita-alaben saioan gogotik egin zuten dantza.

Xanistebanetako Festak

Xanistebanetako Festa Batzordearen bigarren bilera izango da gaur, hilak 23, arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuona bibliotekan. Besteak beste, txupinazorako proposamenak egiteko aukera izango dute Festa Batzordeko kideek. Gainera, xanistebanak festa parekideagoak izateko helburua lortzeko, Udaleko Feminismo zinegotziak eta Berdintasun teknikariak parte hartuko dute saioan, eskualde mailan egin zen diagnostikoaren harira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos