Gazte Izanak elkartearen bazkideek urteroko bazkaria izango dute

Hilaren 15ean, asteazkena, izango da

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Urtero legez Oiartzungo Gazte Izanak Erretiratuen eta Pentsiodunen elkarteak bazkideentzako bazkaria antolatu du. Egun guziko egitaraua izango dute asteazkenean, goizean hasi eta ilunabarrera arte.

Antolatzaileek «festa» bezala definitu dute asteazkeneko eguna. Goizeko 11:00etan hasiko dira festarekin. Gazte Izanak elkarteko bazkideak elkartu eta Zaharren egoitzan daudenei bisita egingo diete, bertan festa txiki bat izango dute egoiliarrekin. 12:00etan Done Eztebe elizan meza izango da 2017. urtean joan zaizkien elkarteko kideen alde. Meza bukatutakoan, argazki saioa izango da omenduekin.

Behin eguerdia ailegatuta, bazkaltzera joateko autobusa hartuko dute 13:30ean. Autobusak Irungo Atalaia jatetxera eramango ditu, 14:00an hasiko dira bazkaltzen. Jate kontuak bukatutakoan, gero, laurogei urte bete dituzten bazkideei omenaldia eta xanixtebanetako sari banaketa egingo zaie.

Azkenik, eguna behar bezala amaitzeko, kantu eta dantza saioa izango da. Arratsaldeko 18:30ean hartuko dute berriro autobusa.

Hau guztia 30 euroren truke izango dute bazkideek. Halere, interesa duena edonork Gazte Izanak elkartean lor dezake informazio gehiago.

Fotos

Vídeos