Gaur izango dira Arditurriko meategietara bisitak

Artxiboko datuen argazkia. / BASTEROBERRI
Artxiboko datuen argazkia. / BASTEROBERRI

Oiartzungo akta zaharretan meatzeen inguruko sekretuak aurkitu dituzte

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Gaur izango dira Pazko larunbata profitatuz Arditurriko meategietara bisitak. Baina, Arditurriko meategiak ez dira Oiartzungo bakarrak izan, hori frogatzen duten oso aspaldiko datuak aurkitu dituzte Oiartzungo artxiboko datuetan, eta baita beste hainbat bitxikeria ere.

Arditurriko meatzeek ez dute aurkezpen handirik behar. Toponimia arloan ere jarduera horrek arrastoak utzi ditu eta horren adierazle dira 'Gazteluko meatzea', 'Gazteluko meatze zuria', 'Matxin-meatze', 'Meatzegorrieta' edo 'Meatzezuloeta' bezalako leku-izenak.

Erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal batzuetan interesaturik baitzeuden. Horregatik, Erdi Aroan Aiako Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena hartu zuen, inguruetako errekastoetan ezartzen joan ziren ur-olek ongi islatzen duten moduan. Horren lekuko, erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Jaso zuten lehenengoak Irungo eta Oiartzungo olagizonak izan ziren, 1328an, nahiz eta handik hamar urtera Gipuzkoa osora hedatu.

Ustiaketa, erregearen esku

Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat baliabideren gainean pribilegioak aitortu zi-tzaizkion, meatzeak horiek artean. Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari jakin bat jasotzean zetzan, dirutan zein metaletan. Erregea zen esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.

Hau hala izanik ere, erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo guztiek eskubidea zuten horiek ustiatzeko. Besteetan, jabetasunak pribatutasunerantz jo zuen. Meatzaritza munduak, burdinolek bezala, legedi goiztiarra izan zuen.

Monarka zen metal-gune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena, gerora Probintziak berretsi behar bazuen ere. Oiartzungo 1706ko udal akten arabera, Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen Oiar-tzungo mendietan zeuden 'berun, kobre, zilar eta urre' meak bilatu, aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak begi onez ikusi zuen eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Jarduera bideratzeko Justizi putzu eta zundaketa lanetan trabarik jarri ez ziezaioten agintzen zion Bailarari. Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia ikerketa lanetan hasi zen jarduera hori Bailararen (eta Probin-tziaren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko asmoz: azaroaren 28an Oiar-tzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen inolako eragozpenik ikusi.

Aiako Harriak, liskar leku

Meatzaritza Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamenak ez dira ugariak. Hainbatek izaera negatiboa dute, Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako auzoen arteko liskarrei buruzkoak baitira. Gunea mugan egonik, ohikoa zen eztabaidak sortzea. 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira Irungo eta Oiartzungo herritarren artekoak: 1679ko abuztuan udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko meatzeetan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso hartzeagatik. 1694an, Joanes Makutso oiartzuarrari jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea Lesakako Erkazti burdinolako olagizonari saldu zioten. Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko justiziak aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak burutzen ari ziren.

Tentsio hauek direla eta, gaia Ba-tzar Nagusietan eta errege-auzialdietan jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik burutu gabe, meatzariek beraien jarduna normaltasunez jorratzeko. Justizen kasua ikusita, ordea, mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan.

Meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren. Udalbatzarentzako ia etengabeko buruhaustea zen bideen konponketan antolatzen ziren auzolanetan parte har zezaten. Meatzariak Ergoien aldean bizi zirela dirudi. 1691n, adibidez, Olaizola-garrika, 'Olaizes-egurregi' eta Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariak Sangio edo Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu ziren; 1692an, berriz, meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu barrutiko bideak lamatzera bidali ziren.

Behargin guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo handitu nahi zirenean. Meatzarien lanabesak haitzak puskatzeko oso aproposak ziren eta horren lekuko dugu 1701 urte hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara aritu behar zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mandatuaren arabera, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta borrekin joango ziren.

Etengabeko arriskua

On Manuel Lekuona zenak Oiar-tzuni buruzko monografiaren 80. orrialdean mearen inportazioari buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz.

Probintziak etengabeko ardura izango du bertako meari babesa emateko eta, bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna emateko. Ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa debeka-tzen duten neurrien berri ematea. Liburuetan, meatze munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.

Probintziak mea esportatzeko debekua plazaratu zuen 1664 aldera. Bailarako olagizon eta burdinola jabeentzat onuragarria zen neurria ez zen guztien gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten. Lesakako Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz hornitzeko. Debekua saihesten ahalegindu ziren eta Bailarak Probintziara kexua adierazi zuen, mea esportazio horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela.

Probintziaren debekua eta 30 urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako kalte handia zekarrelako. Agindua berriz 1696an eman zen, betetzen ez zenaren seinale.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos