Gaur hasi eta igandera arteko festa Ugaldetxon

Haur jolasak Ugaldetxoko festetan. / BASTEROBERRI

San Migelak izango dira asteburuan hainbat ekitaldirekin

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Urtero legez, iraileko azken asteburuan izango dira Ugaldetxoko festak. San Migel festak ospatzen dituzte Ugaldetxon. San Migel eguna, irailaren 29a da, aurtengoan ostiralarekin tokatzen denez, San Migel egunarekin hasiko dituzte festak ugaldetxoarrek. Ugaldetxoko festak bereziki auzotarrentzat antolatzen dituzte, baina herri zein herritik kanpoko edozeini irekiak dira.

Gaur, hilak 29, San Migel eguna goizean goizetik izango da festa Ugaldetxon. Goizeko 10:30ean meza izango baita Atamitxen. Horren ondoren, 11:00ak aldean, hamaiketakoaz gozatzeko aukera izango da. Hamaiketakoa doan izan arren, Intxixu tabernan txartela hartzeko eskatu dute antolatzaileek. Arratsaldeko 19:00ak arte, aldiz, ez da deus izango. 19:00etan izango da festen hasiera ofiziala, suziria, erraldoiak eta buruhandiak, Haurtzaro Ikastolako triki eta panderojoleak. 19:30ean elkarretaratzea izango da. Eta ondoren afari-merienda, norberak eraman beharko du janaria: tortillak, gazta, pintxoak ... Bertan ardoa eta sagardoa erosteko aukera izango da. Eta gainera, karpa inguruan ez da musikarik faltako. Gaueko 22:00etan, ohi moduan, truk txapelketa izango da sari paregabeekin.

Larunbatean, berriro ere argituko du egunak. Goizeko 11:00etarako martxan izango dira Ugaldetxoko auzotarrak. Ttikientzat tailerrak izango dira, eta ondoren, batukada. Arratsaldeko 17:00ak arte atseden hartuko dute auzotarrek. Arratsaldean, ordea, hainbat ekitaldi izango dira. Arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara haurrentzat puzgarriak eta ludoteka izango dira eta ondoren txokolatada.

Ilunabar aldean, ordea, gazteentzako egitaraua hasiko da martxan. 19:00etan bertso-triki poteoa izango da auzoan zehar. Eta 20:30ean gazte-afaria karpan, sarrerak eskuratzeko Intxixu Tabernan izango dira. 21:00etan, berriz, Atamitxen izango da afaria, afari honetarako sarrerak ere Intxixu Tabernan eskuragai. Ondoren, ordu erdiko bakarrizketa eskainiko du Mirari Martiarena 'Pikoketakoak'. Gauean, Bide batez erromeria eta DJ-ak izango dira karpan.

Larunbateko ajea pasatzeko igandean goiz-goizetik izango da zer gozatua Ugaldetxon. 9:00etarako Lartaungo txistulariak auzoa alaitzen ibiliko dira. Eta 10:00etan dultzaineroak. Goizeko 10:30ean V. Krosa izango dute, modalitate ezberdinak egongo dira. Batetik, bakarkakoak 16 urtetik beherakoentzat. Bestetik, bikoteka erreleboka edo bikoteka mixtoa. Ordun berean, 10:30ean Txipitoko pilotalekuan pilota partidak izango dira; bustia balego, Kontzejupean izango lirateke partidak. Eguerdiko 12:00etan Haurtzaro Dantza Taldearen emanaldia izango da.

Arratsalde 17:00ak arte atseden hartzeko beta izango dute auzotarrek. 17:00etan Goiti-behera txapelketa izango da Txipitoko maldan, 14 urtetik goitikoentzat. Hau bukatu ostean, 18:30ean Tio Teronen semeak ikusteko aukera izango da Ugaldetxon. Hau bukatutakoan, festei bukaera gozoa emateko sardina-jatea izango da eta 19:30ean zezen-suzkoa.

Fotos

Vídeos