Festaz bustiko dira Iturriotz auzoko bazterrak, aurtengo Santiyo jaietan

Iturriotz auzoko bizilagunak lertxuna altxatzen iaz. / GOIZARIN
Iturriotz auzoko bizilagunak lertxuna altxatzen iaz. / GOIZARIN

Lertxuna altxatuz emango diete hasiera aurtengo jaiei

GOIZARIN OIARTZUN.

Uztailaren 24tik 31ra arte, mota eta kolore guztietako ekintzak aurkitu ahal izango dira Iturriotz auzoan, atsedenik hartzeko ia tarterik izan gabe. Aurten sei egunez luzatuko dira Santiyo festak: 24-25-28-29-30 eta 31.

Urtero legez, Santiyo bezperan, hilak 24, 'Lertxuna' altxatuz emango diote hasiera Iturriotz auzoan 2017ko Santiyo Festei arratsaldeko 19:00etan. Jarraian, auzoko neska-mutilek euskal dantzak eskainiko dituzte lertxunaren aurrean. Eta segidan, Lartaun txistulari taldea Oiartzungo buruhandiekin auzoan barrena ibiliko da, ttun-ttun doinuak zabaltzen. Azkenik, festei hasiera ona emateko auzo afaria izango da; horretarako jatekoa norberak etxetik ekarri beharko du. Festa Batzordearen esku tokia eta giroa jartzea. Azkenik, gaueko 22:00etan, truk txapelketa Iturri-Berri elkartean. Aurtengo sariak ere ederrak izango dira, izan ere irabazleek txapela jantzi eta afaria egiteko aukera izango dute Zuberoa jatetxean.

Herri kirolak asteartean

Asteartean, hilak 25, Santiyo eguna ospatuko dute Iturriotzen. Goiz erestia, meza eta herri kirolak ez dira faltako goiz partean. Arratsaldean, berriz, Iturriotzko XXVII. Kronoeskalada mundiala, 3-15 urteko haur eta gaztetxoentzat. Segidan, Artzain txakur lehiaketa. Ogitartekoak ere izango dira bertan afaldu nahi dutenentzat. Eta gauean musika emanaldia.

Eta uztaileko azken asteburu luzerako makina bat ekitaldi antolatu dituzte auzoko gazteek: jubilatuen bazkaria, Pasaka txapelketako finalak, bizikleta martxa, haur jolasak, antzerki musikatua, Tio Teronen semeak... Hortaz, uztailaren 28, 29, 30 eta 31n ere izango da zertan gozatua Iturriotzen. Sorpresa mordoxka iragarri dute festa batzordeko kideek.

Hori bai, San Inazio eguneko Erromerian Beheko Soroan bazkaltzeko txartelak aldez aurretik erosi behar dira, uztailaren 29a baino lehen, hain zuzen. Horretarako, ondoko tokietara hurbil daiteke: Gure Txoko taberna, Garmendi txokolategia, Martin harategia eta Pottolo janari-denda.

Ea eguraldia lagun duten Iturriotz auzoan sei egun horietan hain egitarau oparoaz bete-betean gozatzeko. Merezi dute!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos