Festarik festa dabiltza Iturriotz auzoan

Apar festan primeran ibili ondoren, bainu jantzia eta betaurrekoak soinean zituztela, indarberritzeko txokolate jatera joan ziren txikiek. / ARGAZKIAK GOIZARIN
Apar festan primeran ibili ondoren, bainu jantzia eta betaurrekoak soinean zituztela, indarberritzeko txokolate jatera joan ziren txikiek. / ARGAZKIAK GOIZARIN

Egun osoan zehar makina bat animazio izango da Iturriotzen

GOIZARIN OIARTZUN.

Festarik festa dabiltza Iturriotz auzoan, asteburu luzea aurrean dutela. Saninazioak behar diren bezala ospatzeko asmotan dabiltza eta horretarako aski egitarau oparoa dute aurrez aurre.

Atzokoan auzoko jubilatuak izan ziren protagonista. 41 jubilatu elkartu ziren Iturri-Berri elkartean Torreko Agustina San Sebastianek mimo handiz prestatutako bazkaria dastatzera. Ederki bazkaldu ondoren, eta jarduna ezin hobeto bukatzeko, urteroko ohiturari jarraituz, bertaratuen arteko jubilatu zaharrenari erloju dotorea oparitu zion elkarteak.

Aurtengoan Karmen Sarasua Ayerdiri egokitu zaio eta gustu handiz jaso zuen Agustina San Sebastianen eskutatik. Hunkituta eskertu zuen: «Eskerrik asko Agustina eta Margariri hain bazkari goxoa prestatu duzuelako, mimo handiz». Gero, gaineratu zuen: «eta eskerrik asko Iturri-Berri elkarteari hain opari ederra egiteagatik».

Arratsalde partean, txikienek ere euren tartea izan zuten. Ur festaz gozatzeko aukera izan zuten, eguzki ederra lagun zutela. Hantxe zeuden pronto bainu jantzia eta betaurrekoak soinean zituztela. Hura gozamena! Eta apar festan primeran ibili ondoren, indarberritzeko txokolate jatera. Bai goxua!

Gaur, sagardo dastaketa

Gaur, goizeko 10:00etan hasiko da festa, bizikleta martxarekin. Txirringa zaleek dute hitzordua. Arratsaldean ere izango da adin guztietako lagunentzat entretenigarri politak. Esate baterako, 17:00etan haur-tailerrak, inguratzen diren haurrentzat.

Gero, 18:00ak aldera, Iturrioztarren VIII. Sagardo dastaketa/lehiaketa hasiko da. Ea aurten norena den auzoko sagardorik onena. Bertsolariak ere ez dira faltako giro bikaina zabaltzeko Soroan: Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze.

Azkenik, ogitarteko bikainak izango dira gosetzen direnentzat, Soroan. Gero, gauari amaiera emateko 'Tony Rocket' kantu-giro Andoni abeslariaren emanaldia. Eta parrandarekin jarraitzeko, DJ Kataxulo.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos