Euskararen zipriztinak azaltzen jarraitzen dute udal artxiboan

Dokumentazioan hamaika euskal hitz eta kontzeptu agertu dira./
Dokumentazioan hamaika euskal hitz eta kontzeptu agertu dira.

1658ko urtarrilaren 6ko bileran hartutako erabaki eta mandatuak, adibidez, elizan eta euskaraz argitara eman zitezela adostu zen

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Oiartzungo Udalak hartutako erronka da Antzin Erregimenean euskarak udal aktetan izan duen presentzia ikustea. Mende haietan erabiltzen zen hiztegia ezberdina zen, kontzeptuak galdu edo eraldatu egin zaizkigu, ez daude euskal hiztegietan jasoak eta dokumentazioa gaztelania hutsean dagoenean, euskarazko baliokidea topatzea ez da batere erraza.

Hiztegia osatzeko garaian muga nabarmenena dokumentazioak berak ematen digu, gugana iritsitako idatzien %99a erdara hutsean baitago. Jakina da Euskal Herrian historikoki eta administratiboki euskarak izan duen isla eskasa. Erakundeek sortutako dokumentuak populazioaren gehiengoak erabiltzen ez zuen hizkuntza batean ageri zaigu, salbuespen batzuk badaude ere. Gure hizkuntzak egoera dokumental diglosiko nabarmena bizi bazuen ere, egunerokotasunean erabiltzen zen tresna izaki, ia edozein zirrikitutik igarotzeko aukera izan zuen. Hori dela eta, dokumentazioan aztarnak utzi ditu; euskaldun ia elebakarra zen gizarte batean, ezin bestela izan.

Akta liburuei dagokienez, adibideak uste baino gehiago dira. Kronologian aurrera egin ahala, hitz gehiago topatzeko aukerak handiagoak dira. Hein handi batean, arrazoia udal akta liburuen egitura eta eduki bereziei zor diegu, bileren erregistroaz gain txostenak, hitzarmenak, iritzi-idatziak, azterketa edo ikuskatzeen nondik norakoak eta abar gordetzen baitituzte. Udalbatzaren erabaki eta mandatuak elizan eta jendearen aurrean euskaraz jakinarazten zirela badakigu, dokumentazioak berak adierazten digulako. Horren zantzuak lehenengo momentutik ditugu, akta liburu bezala identifikatuta dagoen lehenengo sortan halakoak baitira. 1658ko urtarrilaren 6ko bileran hartutako erabaki eta mandatuak, adibidez, elizan eta euskaraz argitara eman zitezela adostu zen eta hala egin zen. Ia 50 urteren ondoren, 1705eko urtarrilaren 1ean, gauzek beren horretan zirauten. Halaber, udalbatzaren batzarrak euskaraz egiten zirenaren zantzuak eta datu zehatzak daude baina erregistrorik ez zaigu iritsi eta ezin dugu jakin, zehatz-mehatz, zer-nolako euskara erabiltzen zen.

Euskal hitzak

Halakoez gain, dokumentazioan hamaika euskal hitz eta kontzeptu ditugu: batzuk ezagunak dira, gaur egun ere barra-barra darabilzkigunak edo nolabaiteko erabilera dutenak. Hauetako askok abeltzain-tza edo nekazaritzarekin zerikusia dute: ainu ainizkar, ametz, arbazta, arpiko, arraska, borra, enbor, fago/pago, heskai, kartola, larre-ote, ote-motz, mazo, sega edo txerto bezalakoak. Beste batzuk, aldiz, gizartearen ohitura, usadio eta beste jardun batzuekin lotuak ageri zaizkigu. Honela, mozorro, segizio, edo Oiartzunen tradizio handia izan duen tobera musika tresna.

Ezagunak eta ohikoak diren hitz horien aldetik, 'txerto' hitza dokumentazioan zuzenean eta inolako bitartekaririk gabe murgiltzeak dakartzan aurkikuntzen adibide argia da. Orotariko Euskal Hiztegira hurbiltzen bagara, 'txertatu' aditza Iparraldean tradizio handiko hitza dela aipatzen du, XVII. mende hasieratik dokumentatua. Egile gipuzkoarrek XIX. mende erdialdetik aurrera erabiltzen dutela dio. Gurean, aipamen zaharrenak 1700 urtetik datoz, uste baino mende eta erdi lehenagotik. Urte hartako maiatzean Frantzisko Erretegik gaztainondoetan egin beharreko txertatzeei buruzko memoria edo txostena aurkezten du.

Hitz ezezagunak

Hitz ezagunez gain, ele ezezagunagoak iritsi zaizkigu, idatziengatik ez balitz, zeharo galduta leudekeenak. Euskararen aberastasuna eta dinamismoa, teknologia, industria eta bestelako esparruetan garatutako hiztegia agerian uzten dute. Burdinolen mundua da, zalantzarik gabe, lekukorik bikainena: bai euskararen erabilera agerian uzten duelako, baita hamaika kontzeptu zeharo arrotz egiten zaizkigulako.

Oiartzungo Olaberria burdinolarekin zerikusia duten agiriak dira hiztegi hau ageri-agerian geratzen dutenak. 1694an egin zen inbentarioa adibide ezinhobea da. Euskarazko kontzeptuak etengabe ageri zaizkigu: agerrietako-kakoa, agoagorrika, aldabarra, boga, burniperekia, eskanbela, gorba, makoa, suar(e)a, tormentatokia, traba, zamargorrika, zigilua...

Honako testua adibide azpimarragarria da: Han egindako konponketa lanetan ere hainbat hitz daude: bioholadura, gezurraska, gailur, uztarri, uzkurriko, alasea, errezuma, burukotegi, zinguna, azpizungile edo azpizunbilkoak ditugu. Goizueta eta Oiartzunek Urraideko zubian konponketak egiteko 1701an adostutako hitzarmenean, aldiz, zumizamarrak, zapatak, karelak, uztarriak eta, berriz ere, 'zinguñak'. Azken hitz hau, adibidez, 'zinkuna' aldaera jasota, burdinolen inguruko hiztegitxoa plazaratu duen Iñaki Azkuneri esanahi ezezagunekoa zaio.

Euskara eta toponimia

Euskara eta toponimia uztartzen dituen datuak ere topatu ditugu: erdarazko dokumentazioan agertzen diren herri edo herrialdeen euskal formak. Honela, Donostiako udal-diruzain Sebastian Larreandiak Oiartzungo udalbatzari 1696ko maiatzaren 27an idatzi zionean, Mutrikuko Batzar Nagusietako banaketaren inguruko kontuak zirela eta, 'de lo repartido en la de Mutricu' adierazten zuen. Bestalde, 1697ko urtarrilean egin ziren Migel Agirrekoa agotearen aurkako kanporatze-autoetan, Agirrek honela deskribatzen zuen bere burua: «dijo que es vezino y natural del lugar de Arbona, en la Prouinçia de Lapurdi, Reyno de Francia, de edad de veinte y dos años (...) y su oficio es de jular [sic]».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos