Euskararen erabilera gehitzeko, 'Konpromisotik aD/Ritzera' kanpaina izango da laster

Ostiralean izan zen argazki erraldoia. /  BASTEROBERRI
Ostiralean izan zen argazki erraldoia. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Udalak, Ttur-Tturrek eta herriko hainbat euskaltzalek 'Konpromisotik aD/Ritzera' egitasmoa jarriko dute martxan, herritarrak euskararen aldeko konpromisora bultzatuz. Abenduaren 2tik 15era, herritarrei euskararekiko konpromiso aktiboa hartzeko eskatuko zaie: euskaraz aritzeko edo aitzekoa, hain justu. Azken urteetan Oiartzunen euskararen erabilerak izan duen atzerako bilakaerarekin kezkatuta abiatu da lanketa.

Iaz egindako euskararen arnasguneen tailerretatik, gaiarekin kezkatutako lantalde bat osatu zuten Udalak, Ttur-Tturrek eta norbanakoek, eta hortik dator ekimen hau Oiar-tzunen gauzatzeko proposamena. Aurretik Euskal Herriko beste zenbait herritan (Egia, Lasarte-Oria, Agurain, Errenteria...) egin izan diren kanpainak Oiartzunera moldatu dira. Gainera, 2018rako Euskal Herri mailan tankerako ekimen bat prestatzen ari dira Eusko Jaurlari tza eta Euskara Elkarteen Topagunea.

Parte hartzeko bi modu

Egitasmoan parte hartzeko bi modu izango dituzte oiartzuarrek: ahobizi edo belarriprest izanez. Herritar euskaldunak ahobizi izatera animatu nahi ditugu. Lagunarteko euskaldunekin euskaraz aritzeko konpromisoa -ohiturak aldatzea ez baita hain zaila- eta ezezagunekin, lehenengo hitza euskaraz egiteko konpromisoa bere egingo dituzte ahobiziek. Euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duten herritarrek ere izango dute kanpainan parte hartzeko aukera, belarriprest izanez. Hauek euskaldunekin elkarrizketa elebidunak izaten ahaleginduko dira, euskalduna erdaraz aritzera behartu gabe. Euskaraz dakiten hori erabiltzeko konpromisoa ere euren egingo dute: hastea beti izaten da zaila, baina pausoa eman ondoren dena da errazagoa gero!

Ahobizi eta belarriprest diren herritarrek identifikatzeko txapa eramango dute ekimenak iraungo duen egun horietan, Onintza Etxebeste herriko artistak diseinatutakoak. Parte hartu nahi duten oiartzuarrek formulario bat bete beharko dute. Gaurtik aurrera izango dute horretarako aukera www.oiartzuarrak.org/konpromisotik helbidean edo, udaletxean, Fermiñenen eta ikastetxeetan (Urmendi Haur Eskola, Haurtzaro Ikastola eta Elizalde Herri Eskola) esku-orria entregatuta. Era berean, azaroaren 14, 15, 17, 23 eta 24an Fermiñenen izen-emateko mahaia egongo da, 18:00etatik 20:00etara. Egun horietan bertan, ahobizi eta belarriprest txapak jasotzeko aukera izango da.

Girotzeko, hitzaldiak azaroan

Egitasmoa martxan jarri aurretik, euskalgintzak eta Azmarrin taldeak hiru hitzaldi antolatu dituzte azaroaren 8, 16 eta 22rako, goi mailako hizlariekin: 'Euskaldunen hizkuntz eskubideak eta jokabideak' (Garbiñe Petriati eta Estitxu Eizagirre); 'Euskara eta feminismoa bidaide' (Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel) eta, Pako Aristi eta Lutxo Egiaren arteko solasaldia. Hiru saioak 19:00etan izango dira, udaletxeko areto nagusian.

TELP ikastaroa ere egingo da azaroaren 25ean. Ikastaro honen helburua da euskaraz aritu nahi dugunean sortzen diren egoera deserosoetan naturaltasunez eta eroso jokatzeko tresnak ematea. Goiz osoko saioa izango da (9:00-13:30), udaletxeko areto nagusian, EMUNeko teknikariek gidatuko dutena.

TELP ikastaroak parte-hartzaile kopuru mugatua duenez (20 lagun gehienez), aurrez izena eman beharko da (gaurtik azaroaren 22a arte) helbide hauetakoren batean: oiartzuarrak.org/konpromisotik; euskara@oiartzun.org; aitzera@gma il.com edo oiartzun@tturttur.eus.

Euskararen aldeko konpromiso hau festa izatea ere nahi denez, abenduaren 2an ekimenari hasiera emango zaio Abaraxka ludotekarekin elkarlanean eta herriko eragileen parte-hartzearekin osatuko den II. Euskararen Maratoiarekin eta abenduaren 15ean, bukatzeko, 'world kafe' saio bat egingo da. Bertan, ekimeneko bi asteetan izandako esperientziak elkarbanatu ahal izango dituzte parte-hartzaileek eta sorpresak ere izango dira.

Fotos

Vídeos