Euskarak berotu du asteburu hotza

Truk txapelketa jendetsua.
/BASTEROBERRI
Truk txapelketa jendetsua. / BASTEROBERRI

Euskararen festa izan zen ostegunetik igandera hainbat ekitaldirekin

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Euskararen Nazioarteko Eguna igandean izan zen, abenduaren 3an. Hori aitzaki hartuta ostegunetik igandera arteko festa izan da Oiartzunen. Hala ere, egun handia larunbatean izan zen, goizetik gauera arteko ekintzak izan ziren.

Ostegunean 17:00etan elkartu ziren Abaraxka Ludotekan. Herriko gitarra-jole talde batekin batera, adin guztietarako abestiak kantatuz: 'Ala kinkirrinera', 'Araban bagare', 'Saltzen saltzen', 'Agure zaharra'... eta nola ez, Kaskazuriren bertsoak. Helburua belaunaldi desberdinen arteko transmisioa kulturala elkarrekin aberastea zutelarik.

Hilaren 1a, 'Pasaiako Badia' dokumentala izan zen 19:00etan udaletxeko pleno aretoan. Horrez gain, 'Oihartzun guk' gazte asanbladak antolatuta truk txapelketa izan zen Gaztetxean. Bi ekintzetan jende mordoa izan zela adierazi dute antolatzaileek. Bereziki, truk txapelketaren harira harrituta geratu dira jendearen erantzunarekin. Truka gainbeheran zegoela pentsatzen zuena pozik egon daiteke, partaide gazteak izan ziren gehiengoa eta.

Larunbatean, hilak 2, ekitaldi mordoa izan zen plaza inguruan goizetik hasita. 12:00etan dultzaineroek kalejira egingo zuten herrian zehar. Ordu berean, haur jolasak eta herria apaintzen aritu ziren Kuadrillategikoak. 12:30etik 13:30era mutxikoak izan ziren Done Eztebe plazan. Arratsaldean, 16:00etatik 16:30era trikitilarien kalejira izan zen, hauek bukatu zutenean euskararen festa erraldoia hasi zen. Iaz bezala, plazara atera eta herriari zerbait eskaini zioten herriko talde ezberdinek: Haurtzaro Ikastolako dantza taldeek, Elizalde Herri Eskolako bertso eskolak, Helduen Tailerreko gitarrako ikasleek... Aurkezten Oiartzungo Antzerki taldeko gazteak aritu ziren, umorea lagun zutela. Kontzejupeko oholtzan aritu ziren dantzan, kantuan, antzezten Oiartzungo gazte zein helduak, denak ere, euskararen alde. Bitartean, Kontzejupearen beste muturrean 'paeta zarrak erantzun' mahai-jokoan aritzeko eta erosteko aukera izan zen.

Kontzejupeko udaletxeko atean, berriz, 'Konpromisotik ad/ritzera' kanpainako informazioa, txapak banatzen aritu ziren. Kanpaina horrekin bat egiteko jendea photocolean jarri eta argazkiak ere atera zituzten. Aitziber Arnaiz, Oiartzungo Euskara Teknikaria, oholtzara igo eta kanpainari hasiera eman zion: «Dagoeneko 1.600 oiartzuarrek izena eman dute kanpainan, baina badakigu gehiago lor ditzakegula». Orduan Ioritz Aizpuru, Euskara zinegotziak, suziria bota zuen kanpainari hasiera emateko. Beraz, larunbatetik oiartzuarrok ahobizi eta belarriprest gara. Ahobiziek euskaraz ulertzen duen ororekin euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute. Aldiz, belarriprest direnek, euskaraz ulertzen dute, baina, agian, ez dira euskaraz jariotasunez aritzeko gai. Hau da, euskara(z) elkarlaguntzeko kanpaina ederra. Baten batek oraindik ez badu bere txapa hartu edo ez badu izena eman Done Eztebe plazako Fermiñene etxean oraindik ere izango du aukera, Ttur-tturreko bulegoan edo Euskara zerbitzuan. Bestela, aitzera@gmail.com helbidean edo 943260182 telefono bidez jar daiteke kontaktuan.

Horrez gain, Oiartzungo tabernariek 'Konpromisotik ad/ritzera' kanpainarekin bat egin zuten tabernako musika eta barrako tratua euskaraz izango dela. Larunbatean hasi ziren horretan, gaueko musika, behintzat, euskaraz izan zen, genero eta musika estilo ezberdinetako musika euskalduna entzuteko aukera izan zen Oiartzungo plaza inguruko tabernetan. Ilunabar aldera, festak kontzertu giroan segitu zuen Bi Bemol taldea, Autobus Majikoa, Lur Gaztelumendi taldeekin.

Larunbatean ospatu bazen ere egun handia, Euskararen Nazioarteko Eguna igandean izan zen. Igandean, bertso poteoa izan zen 17:00etan. Oiartzungo lau bertsolari gazte ibili ziren poteoan zebiltzanei zirikan, poteoari buruz bertsotan, puri-purian dauden gaiak jorratuz eta noski, euskaraz eta euskararekin. Iraitz Mateo, Jokin Irastorza, Jon Otegi eta Josu Ibarguren izan ziren Ugaitz Susperregi gai-jartzaile zutela. Oro har, umoretik joan zen poteoa, eta antolatzaileak pozik geratu ziren.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos