Euskal Herriko pala txapelketa irekiaren finala, larunbatean Madalensoron

Ezkerretik hasita, zutik; Unda, Huegun, Bidegain epailea, Telletxea eta Antxordoki. Makurtuta, Pagoaga bigarren epailea, Salaberria, Arriaga, Inda eta Larralde. /  BASTEROBERRI
Ezkerretik hasita, zutik; Unda, Huegun, Bidegain epailea, Telletxea eta Antxordoki. Makurtuta, Pagoaga bigarren epailea, Salaberria, Arriaga, Inda eta Larralde. / BASTEROBERRI

Josetxo Gamioren oroimenez antolatu den 35. edizioa da aurtengoa

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Datorren larunbatean, hilak 19, Girizia elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko pala txapelketa irekiaren finalak jokatuko dira arratsaldeko 14:30ean hasita, Madalensoro pilotalekuan.

Aurreko asteburuan txapelketaren finalerdiak jokatu ziren eta dagoeneko zehaztu dira finalera iritsi diren bikoteak. Lehen finala, hirugarren mailakoa jokatuko da eta bertan Agirre hernaniarrak eta Mendigain tolosarrak osatutako bikoteak Anoetako Luixa anaiak izango ditu aurkari, faborito garbirik gabeko finalean.

Horren ondoren, 2. mailako partida jokatuko da. Arrizabalaga-Lizarralde elgoibartar bikotea Andueza-Rodriguez urretxuarren aurka arituko da. Elgoibartarrak dira faboritoak, txapelketako partida guztiak erraz irabazi ondoren.

Hirugarren partida emakume gazteen artean izango da. Berrobiko Rodas eta Aginako Arrillaga bikoteak, iazko txapelduna, Aiako Eizmendi ahizpen aurka jokatuko du. Partida orekatua espero da, txapelketan zehar bi bikoteak oso erraz irabazi dituztelako haien partidak.

Bikoterik onenetakoak

Azkenik, lehen mailan Arriaga-Unda bikote bizkaitarrak Salaberria hernaniarra eta Huegun donostiarraren aurka jokatuko du. Final orekatua eta luzea aurreikusi da, Euskal Herriko bikoterik onenetakoak baitira biak ala biak.

Girizia pilota saileko arduradunek nabarmendu dute larunbat arratsaldean giro ederrean jokatuko diela final guztiak. «Gero, sari banaketa izango da. Bertan, Josetxo Gamioren senitartekoekin batera, Euskadiko eta Gipuzkoako federazioko presidenteak eta Oiartzungo Udalaren ordezkariak izango ditugu», zehaztu du Martxel Toledo antolatzaileak.

Sarrera doan izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos