Euskal Herriko pala txapelketa irekiko partidak jokatu ziren Madalensoron

Zutik, Elizasu anaiak, Bidegain aita epailea, Bidegain II.a eta Gomez. Makurtuta, Ubeda, Zumeta, Erburu eta Etxabeguren. / BASTEROBERRI
Zutik, Elizasu anaiak, Bidegain aita epailea, Bidegain II.a eta Gomez. Makurtuta, Ubeda, Zumeta, Erburu eta Etxabeguren. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Pasa den asteburuan, beste hamaika partida jokatu ziren Euskal Herriko pala txapelketa irekian. Horietatik zortzi hirugarren mailako izan ziren, bi bigarren mailako eta lehen mailako bat. Bost partida izan ziren nabarmentzekoak; orekatuak izan ziren, azken momentura arte ez baitzen argitu nola amaituko ziren.

Guztien gainetik aipatzekoa lehen mailan jokatutakoa izan zen. Ubeda eta Zumeta bikote gipuzkoarrak eta Etxebaguren eta Erburu bikote nafarraren kontra. Bikote gipuzkoarraren kasuan, urtero parte hartzen dute txapelketa honetan; baina Iruñako bikotearen kasuan jokatzen duten lehen aldia da. Beraz, bazen ikusmira zernolako maila erakutsiko zuten. Batik bat, biek ala biek maila handia izan arren, ez zegoelako garbi Madalensoro pilotalekuan nola moldatuko ziren, Oiartzungo pilotalekuak dituen neurriengatik eta txapelketa honetan erabiltzen diren pilotengatik. Segituan moldatu ziren, ordea, pilotalekura. Partida irabazi ez arren, erakutsi zuten, kontuan hartzeko bikotea osatzen dutela. Partidak ordu eta erdi iraun zuen eta Ubedak eta Zumeta bikoteak 25 eta 21 irabazi zuten.

Bigarren mailan berriz, jokatutako bi partidetatik bat da aipagarria, besteak beste, bertan, Bidegain oiartzuarrak Gomez donostiar bikotekidearekin, 25 eta 23 irabazi ziotelako Hondarribiko Elizasu anaiei. Emozio handiko partidua izan zen, bukaera arte oreka handia egon zelako markagailuan.

Gainerako partidetatik, hiru aipatzekoak, hirurak hirugarren mailakoak. Batean, Galdos eta Juarezek 25 eta 23 irabazi zioten Unsuain eta Fierrori. Bestean, Agirre eta Mendigainek 25 eta 20 Alegria eta Urigoitiari. Hirugarrenean, Askaiturrieta eta Juaristik 25 eta 23 Izkierdo eta Silanesi.

Falta diren beste sei partidak desorekatuak izan ziren. Batean, Arregi Urreagak 25 eta 11 Etxeberria eta Etxarriri. Bestean, Ferrero eta Nuinek 25 eta 15 hartu zituzten mendean Diaz eta Odriozola. Hirugarrenean, Bengoetxea eta Larreategik 25 eta 13 Iraola eta Garmendia. Laugarrenean, Larreategi eta Barandikak 25 eta 15 Ruiz eta Zubimendi eta azkenekoan berriz, Urruti eta Madariagak 25 eta 12 irabazi zioten Martinez eta Berho beteranoari.

Asteburu honetan gehiago

Larunbatean, hilak 24, hasiko dira partidak goizeko 8:00etan, aurreko asteburuetan bezala. Bigarren mailako Mitxelena-Berebide eta Iriarte-Gamio ariko dira elkarren aurka. Ondoren, lehen maialako Etxabeguren-Erburuen eta Larralde-Indaren arteko partida izango da. Jarraian, bigarren mailako Lozano-Muñoa eta Irazustabarrena-Murgiondo bikoteak ariko dira. Hirugarren mailako Lizaso-Etxabe eta Zapirain-Susperregik jokatuko dute hurrenak.

Larunbatean bertan, arratsaldeko 14:30ean partida gehiago jokatuko dira. Arratsaldeko saioa lehen mailako Antxordoki-Telletxea eta Errasti-Urdanpilleta bikoteen arteko partidarekin hasiko da. Segidan, bigarren mailako Arana-Olaizola bikotea Perez-Perez bikotearen aurka ariko da. Larunbateko azken partida, hirugarren mailako Luixa-Luixa eta Etxeberria-Etxarriren artekoa izango da.

Igandean, hilak 25, berriz ere goizeko 8:00etan hasiko dira partidak Madalensoro pilotalekuan. Igandeko lehen partida, lehen mailako Salaberria-Huegun eta Aizpuru-Dagerre bikoteek jokatuko dute. Hauen ostean, bigarren mailako Alustiza-Etxebestek, Mitxelena-Laborderen aurka jokatuko dute. Hirugarren mailako partidekin jarraituko dute. Galdos-Juarez bikotea Getaria-Flores oiartzuarren kontra ariko dira. Azkenik, igandeko eta asteburuko azken partida Pujana-Pagoaga eta Iribar-Iribar bikoteek jokatuko dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos