San Esteban eliza mukuru bete zen Iñaki Arbelaitzi azken agurra emateko

Iñaki Arbelaitz Joxe Mari Isasarekin batera. / GOIZARIN
Iñaki Arbelaitz Joxe Mari Isasarekin batera. / GOIZARIN

Oiartzungo kulturaren sustatzaile eta eragile nagusienetakoa, 73 urterekin zendu da

GOIZARIN OIARTZUN.

Iñaki Arbelaitz Gelbentzu jaunari azken agurra eman zioten atzo arratsaldean ehunka lagunek. Haren familia eta gertukoez gain, herriko agintariak eta herritarrak bildu ziren San Esteban parrokian azken agurra emateko.

Oiartzungo kulturaren sustatzaile eta eragile nagusienetakoa, 2007an xanistebanen bezperako kultur ekitaldian omendu zuen azkenekoz Oiartzungo Udalak. Besteak beste, bizitza osoan herrigintzako hainbat eta hainbat alorretan Oiartzungo herriaren alde borondatez egindako lana eskertzeko modua izan zen.

Izan ere, Arbelaitz jauna ikerlari sutsua izan zen urtetan: herriko historia eta ondarea ikertzen, etnografian, idazle lanetan, antzerkigin-tzan, bertsolaritza sustatzen, zinegotzi arduretan, kulturgintzan eta elkartegintzan, besteak beste.

Esate baterako, urtetan Oiartzungo Urtekari Batzordeko kide izan zen. Era berean, Oiartzungo Argazki Zaharren bilduma burutzen lan eskerga egin zuen, Eneko Salaberriarekin batera. Arestian esan bezala, Oiartzungo historia eta ondarea ikertzen ibilitakoa, OBIE (Oiar-tzun Bailarako Izadi Elkartea) taldeko buru izan zen urtetan, Nikolas Etxebeste eta Joxe Manuel Lekuonarekin batera. Haien ekimena izan zen Oiartzungo Mapa burutzea, 'Zaharkinak' izeneko proiektua bultzatzea...

Herri Batasunako zinegotzi 1983-87 legealdian, Arbelaitz jaunak lan itzela egin zuen bertsolaritza munduan ere. Harenak dira, besteak beste, 'Lexoti bertsolaria' (1982) eta 'Bertsolari Eguna 1968-88: Jose luis Lekuona Lexoti' liburuak. Goian bego.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos