Erromesak Oiartzungo herritik barrena, Compostelarako bidean

Sevillako laukotea Xabaleko parean.
Sevillako laukotea Xabaleko parean. / GOIZARIN

Ondare zibil eta erlijioso anitza bisitatu ahal izango dute erromesek

GOIZARINOIARTZUN.

Udan ugaritzen dira erromesen ibiliak herritik barrena. Izen ere, mugan kokaturiko Irun herritik Araba lurralde historikoarekin mugan dagoen San Adrian tunelera doan Done Jakue bideak Gipuzkoako barnealdea zeharkatzen du, Oiartzungo herritik barrena igaro ondoren.

Europako iparraldea eta penin-tsulako goi-lautada komunikatzeko bide nagusienetakoa izan zen mendeetan zehar, baita XI. mendean Santiagora egindako erromesaldi kopuruak gora egin aurretik ere.

Europatik zetozen erromesek komunikazio-ardatz hori erabiltzen jarraitu zuten mendeetan zehar. Bazekiten Barrualdeko Bidea ez zela azkarrena baina bai, ordea, eroso, seguru eta babestua. Alfontso X. Jakitunak hiribildu indartuak sortu zituenez, ardatzaren garrantzia areagotu egin zen.

Aste honetan bertan Sevillako laukote bat ikusi dugu bizikletaz herria zeharkatzen. Goiz xamar zebiltzan, izan ere 09:30ean Doneztebe plazaren parean. «Irungo Santiago izeneko zubitik atera gara gaur goizean. Oso pozik gabiltza Done Jakue Bidea ezagutzen». Egunero 60 kilometro egiteko asmoa dute. Gaur Astigarraga igaro ondoren Hernanin hartuko dute ostatu. Hamar bat egunetan bukatzeko asmoa azaldu dute. Bidea oso ongi markatuta dagoela diote. Pozik agurtu ditugu, bidaia ona opa diegun bitartean.

Gurutzetik Iturriotz aldera

Erromesak Gurutze auzotik barrena sartzen dira Oiartzungo bailaran. Learretik jaisterakoan Lourdesko Andre Mariaren irudi bat ikusteko parada izango dute. Gero, garai bateko erromesen Ospitalea-Donibane Batatzailearen Basilikaren paretik igaroko dira. Aldamenean, berriz, Lartaungo Done Eztebe eliza ikusiko dute. Doneztebe plazan, Udaletxea eta Kastroko iturriarekin egingo dute topo.

Oiartzungo kaskoa utzi eta, Iturriotz auzoko bidea hartu eta garai bateko arropak garbitzeko arraska ikusgarria bertatik bertara ikusi eta Tronpeoko malda jaitsi eta Makutso Dorretxeaz gozatzeko aukera izango dute; behin auzoan sartuta, berriz, Dorretxe dotoreaz.

Ozentzio kaletik gora, Estrataburu baserritik barrena Txalaka erreka zeharkatu eta Munuaundiko lepotik hartuko dute Astigarragarako bidea, Santiagomendiko ermitarantz.

Fotos

Vídeos