Erretiratuentzako pentsio duinen alde egin du Udalak

OMTE, herriko musika taldeen elkarteari Mendibilgo lokala beste bost urtez erabiltzen uzteko hitzarmena onartu da

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Martxoko ohiko udalbatzarra izan zen pasa den asteazkenean, hilaren 28an. Duintasuna elkartearen eskaerarekin bat egin du EH Bilduk, eta erretiratuentzako 1.080 &euroko pentsioa aldarrikatu du. EAJ abstenitu egin da, «Eusko Jaurlaritzan EAJk hartu duen posturarekin ados gaudelako», azaldu du Rafael Bergaretxek.

Jexux Leonet alkateak herriko datu batzuk eman ditu: Oiartzungo pentsiodunen %25 300 euro kobratzen dituzten emakumeak dira. «Aurrekontuak osatzerakoan alderdi bakoitzak bere lehentasunak ezartzen ditu; Eusko Jaurlaritzak nahi izanez gero, posible luke pentsio duinak bermatzea, langileen eskubideak dira».

OMTEri 5 urterako utzi zaio

OMTE, herriko musika taldeen elkarteari Mendibilgo lokala beste bost urtez erabiltzen uzteko hitzarmena ere onartu da, ahobatez. Elkartea osatu zenetik talde berriak sortu dira herrian eta beharrak aldatu dira. Hitzarmenean beharren eguneraketa adostu da.

Etxe hutsak alokairu duinera bideratzeko ASAP programa garatzen jarraitu ahal izateko eta Oiartzungo Etxebizitza Bulegoak lanerako erraztasunak izateko, Udala, Oarsoaldea Garapen Agentzia eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena onartu da, ahobatez, Etxebizitza Bulegoak Etxebideko erregistrora sarbidea izateko.

GHKren tarifak errekurrituta

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kontsorzioak (GHK) 2018rako hondakin organikoaren eta errefusaren tratamendurako jarri dituen tarifak errekurritzea ere onartu da, Gobernu Taldearen aldeko botoarekin eta EAJren abstentzioarekin. 2016 eta 2017ko tarifak ere errekurrituta ditu Udalak. Eneritz Arbelaitz alkateordeak azaldu duenez, «2016an tarifa hauek kalkulatzeko modua aldatu zuen GHK-k. Europako zuzentarauen kontra, hondakinak gutxitzen ahalegin gehien egiten dituztenak zigortzen ditu, saritu beharrean. Sistema diskriminatzailea da».

Martxoko protokolo gastuak 254,20 euro izan dira lore, eskela eta luntxetan

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos