Erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuaren ebazpenari errekurtsoa

Eneritz Arbelaitz, Mattin Aldaia eta Xabier Arregi. / GOIZARIN

Oiartzungo Udalak jarri dio Hernaniko eta Usurbilgo Udalekin batera

GOIZARINOIARTZUN.

2016ko apirilaren 11ko ebazpenean Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak EAJk eta PSE-EEk Zubietan egin nahi duten erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) eman zion Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresari. «Aurrekariak ezagututa, Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo Udalok errekurtsoa jar-tzea erabaki genuen. Izan ere, ikusi dugu Eusko Jaurlaritzak prozedura guztiak ahaztuta, 'automatikoki' eman duela Ingurumenaren Baimen Bateratua», adierazi du Eneritz Arbelaitz, San Markos Mankomunitateko Oiartzungo ordezkariak.

Arbelaitzek dionez «lau dira IBBa baimentzeko orduan egindako arau-hausteak. Batetik, ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena (IEA) iraungita zegoen, bi urteko epean obrak ez zirelako hasi. Baimen honen aldaketa egiteko prozedura bera ere urratu egin da. Bestetik, 2010eko Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ere iraungita zegoen, ebazpenak berak ezartzen zituen epeak igarota zeudelako. Gainera, 2016ko martxoaren 7ko ebazpena, zeinak IBBa luzatzen duen, baliogabea da, ez duelako justifikaziorik eta legez kontrakoa delako. IBBa iraungitzen denean, ezin da gehiago luzatu. Azkenik, 2016ko apirilaren 11ko ebazpena ez da ongi justifikatu. Ez dago espedientean inongo txostenik proposatutako aldaketa ez dela funtsezkoa egiaztatzeko. Gainera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena (IEA) eta Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez ziren argitaratu. Hori gutxi balitz, bi baimen horiek ebazpen bakar batean eta organo berak onartu ditu, legea urratuz. URA agentziari txostena eskatu eta erantzuna jaso gabe eman da baimena, legezko epea bete gabe eta beste txostenik eskatu gabe».

Hiru udalen ordezkariek diote egoera hau salagarria dela «Eusko Jaurlaritzak prozedura guztiak urratu dituelako». Izan ere, «berriki Jaurlaritzaren Ingurumen sailak inkesta baten berri eman du, eta azpimarratu du herritarren kezka nagusietakoa dela ingurumenaren zaintza. Kontzientzia oso hedatua omen dago gai honekin. Ba, hara non, hori predikatzen duen sailak arduragabekeriaz jokatzen du», gaineratu dute. Horrenbestez, «ingurumenaren ikuspuntutik Zubietako erraustegiaren proiektua onartezina da eta urratu egiten ditu Europako zuzentarauak zein hortik eratorritako legedia eta plangintzen irizpideak».

Fotos

Vídeos