Elizalde dantza taldeak emanaldia eskaini du ikasturte amaieran

Saioa amaitu ostean, Elizalde dantza taldeko kideek argazkia atera zuten. / BASTEROBERRI
Saioa amaitu ostean, Elizalde dantza taldeko kideek argazkia atera zuten. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Aurreko ostiral arratsaldean, Elizalde Dantza Taldeak, Lartaun Txistulari Taldeak eta Auntxa Trikitilari Taldeak lagunduta, dantza saio ederra eskaini zuen Doneztebe plazan. Sei eta hamalau urte bitarteko dantzariek ikasturtean zehar ikasitako Euskal Herriko txoko desberdinetako dantzak mimo handiz eskaini zituzten. Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko ikasleek ere parte hartu zuten dantza emanaldian.

Aurten, Ibargain Musika Eskolaren ikasturte amaierako festarako prestatutako Xabi Solanoren 'Erre zenituzten' pieza ezaguna ere dantzatu zuten Elizaldeko dantzari gazteek, guztiak ere gogotsu eta alai.

Elizaldeko Dantza Taldeak baditu hamabost urte, bertatik haur andana pasa da eta Elizalderen izena herriz herri eraman du giro ederrean. Badira beste 8 urte ere, H.H. 4 eta 5 urteko geletan dantza erakusten dela. Ikastaro hauen antolatzailea Guraso Elkartea da: Izar Etxeberria eta Maddi Nazabal ibiltzen dira txikienekin, bi ikasturte horietako irakasleekin batera. Elizalde Herri Eskolan astean hiru egunez eskaintzen da eskolaz kanpoko ekintza eta aipaturiko irakasleei, ostiraletan, Nagore Ugaldebere gehitzen zaie. Ikasturte honetan 42 haur bildu dira, eta urtetik urtera dantza berri gehiago ikasten dituzte.

Urtean zehar, Elizalde Dantza taldeak ekintza askotan partehartzen du, eskola mailan: Santomas egunean eta ikasturte amaierako ekitaldietan. Herri mailan aldiz, Txerri egunean, Intxixuen etorreran, Iñude eta Artzainen festan, Euskararen egunean eta Euskal Jaian ere aritzen dira. Bestalde, Oiartzunen ospatzen den Aurresku eta Soinu Zahar txapelketa ere, Elizalde Dantza Taldeak antolatzen du, Udalaren laguntzaz. Horiez gain, gonbidatzen dituzten Dantzari Txiki egunetan ere partehartzen dute. Beraz, urte guztian zehar izaten da taldea ikusteko aukera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos