Eguraldiak lagundu ez duen arren primeran joan da Gazte Akelarrea

Larunbata eguerdiko ekitaldia Akeita gunean. /  BASTEROBERRI
Larunbata eguerdiko ekitaldia Akeita gunean. / BASTEROBERRI

Milaka gazte izan dira Oiartzunen

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Pasa den aste osoa prestaketa lanetan ibili ondoren, pozik eta gustura gelditu dira Oiartzungo Gazte Akelarrearekin Ernai eta Aitzinako kideak. Jendeak ilusioz eta gogotsu parte hartu baitu. Baita, Euskal Herri osoko txokoetako borroka ezberdinak borroka bakarrean eta leku bakarrean bildu dituztelako. Eguraldia ez da aproposena izan, baina hotzari, haizeari, euriari eta kazkabarrari aurre egin diote.

Ostiralean hasi zen Gazte Akelarrea Oiartzunen, goizeko 12:00etako zortzi hitzaldiekin. Arratsaldean segi zuten hitzaldiek, denetarik izan zen eta denentzako. Horrez gain, hainbat tailer eta antzerki izan ziren egunean zehar.

Arratsaldeko 16:00etan herriko gune beltzak margotzen ibili ziren graffiti ederrekin. Gaua hurbildu ahala, festa giroa nabarmena sumatzen zen herriko kaleetan. Elizalde Herri Eskolako karpa erraldoiean, Mari gunean, Urrats erromeria izan zen.

Plazan, berriz, herriko bi musika talde: Autobus magikoa eta Txilly. Gainera, herriko kale eta tabernetan ere parranda giro ederra sortu zen, bai kanpotik etorri zirenen-tzat baita herritarrontzat ere.

Ostiral gaua gogorra izan zen, eguraldiagatik. Kanpalakuan lo egin behar zuten askok ezin izan zuten lorik egin. Kanpin denda bat baino gehiago haizeak altxa zituen edota euriagatik barrutik busti ziren.

Baina, halere larunbaterako indarrak hartu eta larunbateko hitzaldi eta ekintzetan parte hartu zuten gazteek. Goizean, berriro ere kontzertuak izan ziren. Baina, eguerdiko 13:00etan dena gelditu eta asanblada erraldoia egin zuten.

Eguerdiko 14:00etan gazte bazkari erraldoia egin zen. Bitan banatu behar izan zuten gazteek denak Madalensoro pilotalekuan ez baitziren kabitzen, besteak Elorsoro kiroldegian jateko aukera izan zuten. Bazkaltzeko babarrunak izan ziren bere sakramentu eta guzi. Bazkalostean, gainera, Arrakala musika taldeaz gozatzeko aukera aproposa izan zen. Arratsaldeak aurrera egin ahala, Belaxe taldea ere izan zen musika jotzen. 20:30ean, aldiz, Akelarre gunean 'Gazteen akelarrea' egin zuten, ekitaldi politikoa. Euskal Herriaren etorkizuneko norabideaz gain euskal gazteriarenaz hitz egin eta hausnartu zuten. Gaua gerturatzearekin batera, afalosterako proposamen ederrak ekarri zituen. Besteak beste, Euskal Herri mailako talde handiak igo ziren oholtza gainera Oiartzunen. Elizalde Herri Eskolako karpan Liher, Arkada Social, Glaukoma, Anita Parker eta DJ txankleta eta La Basu izango dira. 22:30ean herriko plazan, berriz, dj-ak izan ziren: Little Martin Selektah, Urbi Selektah eta Dantzall Sound.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos