Eguraldia lagun, festa borobilak Arragua auzoan

Futbol txapelketako lagunak, dominekin. / ARGAZKIAK BASTEROBERRI
Futbol txapelketako lagunak, dominekin. / ARGAZKIAK BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Arragua auzoko festak aurreko igandean amaitu ziren eta bertako jai batzordeak egin du dagoeneko lehenengo balorazioa. «Egia esan dena oso ongi joan da. Festa batzordeko kideok oso gustura gaude. Parte hartze ikaragarria izan da aurtengoa», adierazi du Joxe Mari Gezalak. «Esan bezala, auzotarrek, betiko moduan, primeran erantzun dute eta inguruko jendea ere gerturatu da guregana», gaineratu du. Esate baterako, hilaren 11n jokatu zen truk txapelketan 38 bikotek eman zuten izena. Egun berean, Gorriti show-ean «gaztetxo ugari bildu zen».

Bertso-afaria erei bikaina egin zen Aldeguna elkartean Unai Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Elkarteko kideek afari gozoa prestatu zuten bertsozaleentzat eta giro aparta nagusitu zen saioan.

Asteburu honetan, berriz, eguraldia lagun, ederki ibili dira Arraguako lagunak. Aurreko ostiralean, Elektro txarangak denak dantzan jarri zituen. Larunbatean, Haurtzaro dantza taldearen saioak «oso gustura utzi zuen jendea». Era berean, herri bazkarirako txartel guztiak saldu ziren eta 160 lagun elkartu ziren auzoko frontoian. Bapo bazkaldu ondoren, bingoa, sarien zozketa... denetik izan zuten. Danborradak ere izan zuen jarraipena. Auzo osoa «danbor hotsez bete zen. Zuriz jantzita eta danborra soinean, auzotarrak gogor astindu zituzten euren makilak». Aurten 120 lagun animatu dira danborradan parte hartzera.

Igandean ere festa gogoak jarraipena izan zuen. Goizean jokatu zen toka txapelketan 66 lagunek parte hartu zuten. Gizonezkoetan Iñaki Albarezek irabazi zuen; emakumezkoetan, berriz, Montse Arnaezek. Arratsaldean, Irrien Lagunak eta txokolate jatea zeuden iragarrita eta «jende asko etorri zen, lepo bete zen frontoia. Giro aparta sortu zen», azpimarratu du Gezalak.

Aurten ere auzotarren parte-hartzea bultzatu nahian, «III. Bizkotxo lehiaketa egin dugu, erantzun bikainarekin. Aurten ere jendearen erantzuna txalogarria izan da benetan», dio harro. June Intxaustik eraman zuen lehen saria; bigarren, Rakel Garcia eta hirugarren Naiara Markesek. «Aurtengo Arraguako festak zoragarriak izan dira». Hurrengo urtean gehiago!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos