Jai egun handia atzo Artikutzan, San Agustin egunean

Aitzol Atutxa lanean, Artikutzako frontoian.
Aitzol Atutxa lanean, Artikutzako frontoian. / ARGAZKIAK GOIZARIN

Pilota txapelketak, aizkolariak, erromeria eta, batez ere, giro bikaina ez ziren falta

GOIZARINOIARTZUN.

Urtero moduan, San Agustin eguna ospatu zen atzo Artikutzan eta jendeak urteroko ohiturari eutsi zion. Eguraldi bikaina lagun, egun pasa joan zen jendea Artikutzara, batzuk oinez edota bizikletaz, besteak zaldiz eta gehienak kotxez. Goizean goiz hasi zen Artikutza bisitariz betetzen eta 11:00etan jende ugari elkartu zen bertako elizan, Donostiako apezpiku Jose Ignacio Munillak eman zuen meza en-tzutera. Gero, pilota partida bikainak jokatu zituzten Oiartzungo eta Goizuetako pilotariek, tartean Lesakakoa baldin bazen ere. Lehendabiziko partida oiartzuarrek eraman zuten; bigarrena, berriz, goizuetarrek.

Partiden ondoren, jendea bazkaltzera joan zen eta bakoitzak ahal zuen moduan egin zuen jatordua. Gehienek, etxetik eramandako mahaietan bazkaldu zuten. Baziren elizako aterpearen babesean bazkaldu zutenak ere.

Herri kirolak eta erromeria

Arratsalde partean ere izan zen zer ikusi eta zer gozatu Artikutzan. Herri kirolen garaian jende mordoxka bildu zen frontoiaren inguruan. Aizkolariek eta harri jasotzaileek egindako lanak ikusteko parada izan zuten. Jakes Iruretagoiena gaztetxoa hasi zen harria jasotzen. Gero, Karmele Isasolak hartu zuen txanda; azkenik, Joxe Ramon Iruretagoienak ere jasoaldi politak egin zituen. Ai-tzol Atutxa, Aratz Mugertza, Donato Larretxea eta Iñaki Azurmendi aizkolariek ere lan bikaina burutu zuten. Oraindik festarako gogoz zeudenentzat, erromeria izan zen 20:00etatik aurrera.

Egun osoan zehar artisauen lanak ikusterik bazegoen Artikutzan eta euskal produktuak salgai zeuden: taloak, gazta, pastelak... Bertara hurbildu zirenek jan eta edateko aukera izan zuten propio egokitu ziren bi tabernetan. Aurten ere, Gure Esku Dago dinamikako kideak aritu ziren lanean.

Hortaz, festa giroan igaro zuten eguna beste behin ere Artikutzara hurbildu zirenek eta barruti natural horretako baso ederrez eta lasaitasunaz gozatu zuten.

Fotos

Vídeos