Egitarau zabala martxoaren 8rako

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Atzo eguerdian Aita Mendibururen estatuaren ondoan Oiartzungo asanblada feministak prentsaurrekoa eman zuen eta hari babesa ematera makina bat emakume elkartu ziren, berrogei inguru; denak banderolak eskuan zituztela. Martxoaren 8ko greba feministari buruzko azalpenak eman zituzten bertan. Herrian eguna antolatzen aritu den asanbladaren ibilbidea azaldu eta martxoaren 8rako egitaraua aurkeztu zuten.

Dagoeneko, martxoaren 8ko egitaraua zein izango den argitu dute. 12:00etan 'Mundua geldituko dugu, mundua mugitzeko' lelopean elkarretaratzea egingo dute Done Eztebe plazan. 18:00etan, berriz, kotxe-karabana feminista Haurtzaro Ikastolako aparkalekutik hasita; etxeko erratzak, fregonak, trapuak ... eramateko deia egin dute. 19:30ean pintxo-potean zehar 'emakumeak planto challenge'-a egingo dute.

Horrez guztiaz gain, lanuzteetara batzeko deia egin dute eta mobilizazioetan parte hartzeko. Etxeetako balkoi edo leihoetan amantalak edota etxeko lanetan erabiltzen diren tresnak zintzilikatzeko deia egin dute. Merkatuetan ez kontsumitzeko deia, langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, emakumeak objektutzat hartzen baitituzte. Zaintza lanak alde batera uzteko, baina horretarako beste emakume bati lana eman gabe esan dute. Eta emakumea edonon dagoela ere, besoan zinta more bat jartzeko deia egin dute.

Prentsaurrekoa bukatzeko Aita Mendiburu zenaren estatua apaindu zuten, amantala eta betaurreko moreak jantzi zizkioten. Herriko ikurra izanik, herritarrak grebaren deialdiaz bisualki ere ohar daitezen. Horrez gainera, ilunabarrero herrian barrena kotxeetan greba deialdia altabozetan dutela igarotzen dira etxe guztietan jakin dezaten grebaren berri.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos