EH Bilduko Juan Inazio Ansak zinegotzi kargua utzi du

Juan Inazio Ansa.
Juan Inazio Ansa. / GOIZARIN

Udalak San Markokoko 2017ko aurrekontuari auzi errekurtsoa jarriko dio

GOIZARIN OIARTZUN.

Azken udalbatzarrean, EH Bilduko Juan Inazio Ansa Martirena zinegotziak kargua utzi zuen. Ogasun arloaren ardura izan du legegintzaldi honetan. Jexux Leonet alkateak esker oneko hitzak izan zituen berarentzat: «Pena pixka batekin agurtzen zaitugu, baina eskerrak eman nahi dizkizugu agertutako konpromisoarengatik. Zortea izan da taldean gurekin izatea».

Ansak berak ere esker oneko hitzak izan zituen EH Bilduko taldekideentzat «ohorea izan da talde honetako parte izatea», oposizioaren-tzat «hitz egiteko eta akordioetarako jarrera izan duzue. Aurrekontuak aho batez onartzea lortu izana oso pozgarria izan da niretzat» eta udal langileentzat.

Hutsik geratutako zinegotzi kargua EH Bilduren hautets-zerrendan hurrengoa izan zen Jon del Olmo Larrañagak beteko du, akreditazioa iristen denean. Ansak harentzako ere esker hitzak izan zituen, «eskerrik asko Jon, gaztea eta konprometitua izateagatik».

Aldundiarekin elkarlana

Lintzirin eremuan zerbitzu-bide berriaren proiektua aurrera ateratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hi-tzarmena egitea onartu zen uztaileko udalbatzarrean, aho batez. Udalak bere gain hartu du lanen zati bat eta Aldundiak %54a finantzatzeko konpromisoa hartuko du. Leonetek azaldu zuenez, «bilera asko egin ditugu Aldundiko Errepide sailarekin. Orain arteko bi faseetarako ez dugu laguntzarik lortu, baina hurrengo faserako bai eta positiboa da hori».

Bestalde, Karla Lekuona futbol-zelaiko instalazioak beste sei urtez Oiartzun Kirol Elkarteari uztea onartu zen udalbatzarrean. Dohainik utziko zaio, herrian futbola irabazi asmorik gabe sustatzen jarraitzeko.

San Marko Mankomunitateko 2017ko aurrekontuei Administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea ere onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. Aurrekontu horietan udalek ordaindu beharreko tarifa kalkulatzeko moduak Oiartzuni kalte egiten dio. Erreklamazioa aurkeztu zuen lehenengo San Markon bertan, baina ez zaio onartu.

2014ko aurrekontuetako aurrekaria ere badago: epaitegiak arrazoia eman dio Oiartzungo Udalari (epaia ez da irmoa, San Markok errekurritu duelako). Eneritz Arbelaitz San Markoko udal ordezkariak azaldu zuenez, «2014tik epaitegietara jo behar dugu legeak eta Europako zuzentarauek eskatzen dituzten neurriak betetzeko eskatzeko. Iazko azaroan San Markoko lehendakariarekin bildu ginen, lanketa egiteko prest. Ez dugu berri gehiago izan».

Fotos

Vídeos