Biharko Euskal Jaia ekitaldi oparoz josia dator

Giro ezin hobea izan zen iazko Euskal jaian. /  BASTEROBERRI
Giro ezin hobea izan zen iazko Euskal jaian. / BASTEROBERRI

Maiatzeko azken larunbata oiartzuar guztientzat propio prestaturiko eguna izango da

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Maiatzeko azken larunbatean ohiko Sagardo Eguna ospatu izan da Oiartzunen. Aurten ere horrela izango da, baina egun osoko egitaraua prestatu dute Euskal Jaiaren kutsua emanez. Horretarako, 14 eragile elkartu dira eta egun guztiko egitarau berezi eta oparoa josi dute oiartzuar guztientzat.

Euskal Jaiari bihar goizeko 10:30ean emango zaio hasiera. Herriko dantzari gazteak eta trikitilariak Doneztebe plazatik abiatu eta herriko txokoak alaitzen ibiliko dira. Ordu berean, Beheko plazan herriko pilotari batzuek bote luzean jokatuko dute; besteak, berriz, Kontzejupean arituko dira eskuz pilota partidetan. Eta 11:30ean, Pasaka pilota partida jokatuko dute Kontzejupean. Goizeko 12:00etan, Emarriko nesken txanda izango da eta Mendiburu kalean erakustaldia egingo dute. Eta goizeko egitarauari amaiera emateko, erromeria familian 12:30etik aurrera Kontzejupe plazan, Herri Musika Txokoaren eskutik.

Pala txapelketa eta Karaokea

Arratsalde partean ere izango da zertan gozatua. Esate baterako, herriko gaztetxoentzat Pala Txapelketa antolatuko dute Kuadrillategiko lagunek, arratsaldeko 16:30ean. Karaokea ere izango da, gaztetxoak kantari jartzeko. Haurrentzat, berriz, Euskal Herria plazan izango da hitzordua. Arratsaldeko 17:00etan haur jolasak eta txokolate jatea iragarri dituzte.

Jarraian, 17:30ean, Oiartzungo Olarri Dantza Taldearen ikuskizuna hasiko da Doneztebe plazan. Gero, 18:00etan emango zaio hasiera sagardo dastaketari. XIX. edizio honetan, bertsolariak ere ez dira faltako. Bukatzeko, 19:00etan hasita, Ibargain Musika Eskolako ikasleen ikasturte amaierako kontzertua izango da Elorsoro kiroldegian.

Eta eguna borobiltzeko, 20:30etik 21:30era 'Iratzar' taldearekin berbena izango da, Doneztebe plazan. Bigarren saioa afaldu ondoren egingo dute, 23:30etik 01:30ak bitarte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos