Bihar hasiko da Gazte Akelarrea Oiartzunen

Elizalde Herri Eskolako karpa erraldoiaren muntaketa-lanak. /
Elizalde Herri Eskolako karpa erraldoiaren muntaketa-lanak.

Makina bat gazte aritu dira aste guztian zehar dena pronto jartzen

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Hilabeteak pasa dira Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek aurtengoan Gazte Akelarrea Oiartzunen izango zela iragarri zutenetik. Aste honetan, dagoeneko, buru belarri aritu dira prestaketa lanetan. Gutxi gorabehera 150 bat gazte, Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazte antolakundeetako kideak, Oiartzungo eremu desberdinak prestatzen aritu dira: Elizalde Herri Eskolako karpa erraldoia, Altzibarko kanpaleku gunea, Plazako kontzejupea, Madalensoro pilotalekua ... Gazte hauek guztiak besoak zabalik hartu ditu Oiartzungo herriak, aste guztirako herriko eraikin zenbaitetan lotarako lekua ere izan baitute.

Gaur gaurkoz azken ukituak besterik ez ditu falta herriak etorriko diren 2000 gazte inguru hartzeko. Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko dira gazte horiek guztiak; esate baterako Lesakako gazteak gaur abiatuko dira Lesakatik oinez, Aritxulegin egingo dute lo eta biharko hemen izango dira.

Bihar hasiko da Oiartzungo Gazte Akelarrea. Ekimen handia izango da, Euskal Herri mailako ekimena. Eta askoren buruan parranda eta festa besterik ez bada ere, aurtengoan hitzaldi eta kontzientziaziora bultzatu nahi izan dute gehiago antolatzaileek.

Egitarau zabala

Herriko toki asko egokitu dituzte hitzaldietarako: herriko plaza, Elizalde Herri Eskola, Haurtzaro Ikastola, Ikasle gela, Kataxulo Gaztetxea ... Hitzaldietan hainbat gai izango dituzte ardatz; besteak beste, feminismoa, euskara, ekologia, lurraldetasuna. Hitzaldiez gain, hainbat tailer ere izango dira: serigrafia tailerra, sormen tailerra,... Ostiral gauean Urrats erromeria taldea izango da Elizalde Herri Eskolako karpa erraldoian. Herriko plazan, berriz, Oiartzungo musikariak izango ditugu: Autobus magikoa eta Txilly.

Larunbatean piztuko dute akelarreko sua Euskal Herriko gazteek Oiartzunen. Goizean goizetik nahi duenak, berriro ere, hitzaldiez gozatzeko parada izango du: 'Mugarik gabeko euskara', 'Feminismoa: neska gazteok zer?', 'Gazte etorkinak, etorkin gazteak'...

Arratsaldeko 14:00etan gazte bazkari erraldoia egingo da. Bazkalostean, gainera, Arrakala musika taldeaz gozatzeko aukera aproposa izango da. Arratsaldeak aurrera egin ahala, Belaxe taldea ere izango da musika jotzen. 20:30ean, aldiz, Akelarre gunean 'Gazteen akelarrea' egingo dute. Gaua gerturatzearekin batera, afalosterako proposamen ederrak ekarri dizkigute. Besteak beste, Euskal Herri mailako talde handiak igoko dira oholtza gainera Oiartzunen. 21:30ean, Elizalde Herri Eskolako karpan Liher, Arkada Social, Glaukoma, Anita Parker eta DJ txankleta eta La Basu izango dira. 22:30ean herriko plazan, berriz, dj-ak izango dira: Little Martin Selektah, Urbi Selektah eta Dantzall Sound.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos