Bigarren Mailako Oiartzun taldea denboraldi berria prestatzen

Iker Calvo, Bigarren Mailako atezainen entrenatzailea.
Iker Calvo, Bigarren Mailako atezainen entrenatzailea. / GOIZARIN

«Pozik nago OKE-k nigan jarri duelako konfiantza osoa atezainen entrenatzailea izateko», nabarmendu du Iker Calvok

GOIZARINOIARTZUN.

Bi urtez Lehengo Mailan lehiatu ondoren, irailaren 3an OKE-ko emakumeen talde nagusia Bigarren Mailako ligan murgilduko da. Jardunaldiko lehen neurketa etxean jokatuko du Oiartzungo taldeak, Karla Lekuona zelaian. Osasuna taldea izango du aurrez aurre.

Denboraldi honetan ere Iker Calvo izango da OKE-ko atezainen entrenatzailea. Trintxerpeko gazteak 14 urte daramatza atezainak prestatzen. «Lengokoak taldean hasi nintzen eginkizun horretan; gero, Intxaurdin jarraitu nuen lau urtez. Azkenik, Berion jardun nuen Ohorezko Erregional taldea hirugarren mailara igotzea lortu genuen bitartean», argitu du gazteak.

Ander Ruiz aurreko entrenatzailea ordezkatu zuen iazko denboraldian Trintxerpekoak. Oroitzapen gazi-gozoak ditu. «Iazko denboraldian garai ezberdinak bizitu genituen 1. mailako taldearekin. Lehen itzulian asko kostatu zitzaigun puntuak batzea; bigarrenean, ordea, taldeak hainbat garaipen lortuta amesteko tartea piztu zitzaigun salbazioa eskura genuelako. Hainbat astetan, gainera, jaitsiera postuetatik urruntzea ere erdietsi genuen. Baina azken partidan, taldeak ez zuen garaipena eskuratu eta ezinezkoa bihurtu zen beste urte betez maila gorenean jarraitzea», aitortu du Calvok. «Nolanahi ere, Oiartzun moduko klub xume batek hain handiak diren beste batzuekin jokatzea, hau da, Bartzelona, Atletico Madrid, Valentzia... bezalako taldeekin meritu handia da eta errespeto guztia merezi du», gaineratu du.

Estreinako denboraldi berrian entrenatzaile nagusia Gurutze Fernandez izango da. Gurutze del Amak prestatzaile fisikoaren lanak beteko ditu, baita bigarren entrenatzailearenak ere. Aitor Igartua izango da taldearen delegatua. Azkenik, Iñigo Olaizolak partiden aztertzaile eta informe egilea izango da, Gaizka Balerdi fisioterapeuta eta masajista zereginetan Asier arituko da.

Talde berria

Iazko denboraldiaren amaieran jokalari askok utzi zuten Oiartzun taldea, hala nola, Eztizen Merino, Arene Altonaga, Jone Bilbao, Oihana Aldai, Silvia Ruiz, Irantzu Ibarrola, Carol González eta Joana Arranz. Esti Aizpuruak, berriz, erretiratu egin da. Hortaz, hamabi jokalarik jarraitzen dute: Ane Otxoa, Leire Rodríguez, Ainara Manterola, Evelyn Santos, Alazne Bengoetxea 'Pipe', Nerea Abancens 'Napo', Ane Perez, Amaia Vazquez, Nekane Quiñones, Anne Mugarza, Marina Agoües eta Eguzkiñe Peña. Azkenik, hainbat jokalari beheko ekipotik igo dira: María Granado, Sara Olaizola, Nerea Murua, Ane Campos, Ainhoa Rodríguez eta Olatz Hoyos. Bukatzeko, hiru jokalari berri fitxatu dira: Monik Valor, Uxue Garmendia eta Esti Bajo.

Aurtengo helburua

Oso argi dauzka Calvok zein den denboraldi berriko helburua. «Koldo Fernandez OKE-ko lehendakariak aurkezpen egunean esan zuen moduan, aurtengo denboraldian taldeak disfrutatu egin behar du jokoan. Izan ere, iaz presio handia bizitu genuen», nabarmendu du. «Disfrutatuz ziurrenik emaitza hobeak etorriko dira», gaineratu du. «Ilusioz beteta gaude ahalik eta kanpaina onena egiteko eta taldea sailkapenaren goiko postuetan egoteko. Horretarako, gogor lan egingo dugu», dio.

Iker Calvo oso pozik dago OKE-ko zuzendaritza taldearekin. «Klubak nahiz koordinatzaileak nigan konfiantza osoa jarri du elkarteko atezain batzuk entrenatzeko eta hori oso pozgarria da niretzat», azaltzen du.

Irailaren 3an hasiko du OKE-ko Bigarren Mailako emakumeen taldeak 2017/2018ko denboraldia Osasunaren aurka jokatuko duen partidarekin, Karla Lekuonan. Zorte on Iker, zorte on neskak!

Fotos

Vídeos