Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu ziren bertsolariak izango dira igandean Oiartzunen

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Urtarrilaren 7an, igandea, Etxerat elkarteak urtero antolatzen duen bertso saioa izango da Elorsoro kiroldegian arratsaldeko 17:30ean. Etxerat euskal preso eta iheslarien aldeko elkartea izanik, bertso saioa ere haien alde antolatzen dute. Hori dela eta, urtero bezala, aurtengo ere azken izan dadila nahiko lukete.

2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritutako bertsolariak ariko dira bertsotan igandean oholtza gainean: Maialen Lujanbio Zugasti, Aitor Mendiluze Gonzalen, Sustrai Colina Acordarrementeria, Amets Arzallus Antia, Igor Elortza Aranoa, Aitor Sarriegi Galparsoro eta Beñat Gaztelumendi Aranoa. Unai Agirre Goia ere aritu zen BECeko final handian, baina bertsolaritzatik urrundu denez, ez du Oiartzungo saioan parte hartuko. Haren ordez, Alaia Martin Etxebeste oiartzuarra ariko da. Gai jartzaile moduan, aldiz, Amaia Agirre Arrastoa.

Hainbat iturrik baieztatu dutenez, sarrera guztiak agortu egin dira. Antolatzaileek gomendatu dute, aurreko urteetako esperientzia kontuan izanik, jendeari garaiz mugitzeko. Ateak ordua baino goizago irekiko dira, eta urtero legez, Elorrondo kalean ilara luzeak sortzea espero baita.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos