Bertso festa arrakastatsua, Madalensoro pilotalekuan

LHko ikasleek bertsolaritza landu dute ikasgeletan ikasturte honetan zehar. Atzo pilotalekuan erakutsitako duten maila bikaina. /  BASTEROBERRI
LHko ikasleek bertsolaritza landu dute ikasgeletan ikasturte honetan zehar. Atzo pilotalekuan erakutsitako duten maila bikaina. / BASTEROBERRI

281 gaztetxok parte hartu dute, Bertsozale elkarteak martxan jarritako proiektuaren harira

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Beste urte batez, Madalensoro lepo bete zen atzo arratsaldean. Ikasturte amaierako bertso saioa egin zen bertan, Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako LH 5. eta 6. mailako ikasleekin baita Haurtzaro Bertso Eskolako gaztetxoekin ere. Izan ere, ikasturte osoan zehar LHko ikasle horiek bertsolaritza landu dute ikasgeletan. Hala, taldeka bertso sorta ederrak eskaini zituzten.

Bertsozale elkarteak martxan jarritako proiektuaren koordinatzaileak, Ander Lizarralde bertsolariak, egin zituen aurkezpen lanak eta gaztetxo guztiak jarri zituen bertsotan. Jorratutako gaiak anitzak izan ziren, zein baino zein xelebreagoak.

Harmailetan zeuden guraso eta bertsozaleek herriko gaztetxoek bertsolaritzan ikasi dutenarekin gozatzeko aukera paregabea izan zuten atzo.

Bertso-afaria Arraguan

Bestalde, bertsozaleek badute beste hitzordu garrantzitsua datorren larunbatean. Arragua auzoko festak behar bezala hasteko, bertso-afari bikaina antolatu dute. Punta puntako bi bertsolari gonbidatu dituzte, Iker Zubeldia eta Unai Agirre, hain zuzen.

Aldeguna elkartean izango da saioa gaueko 21:00etan hasita. Bertan Aldegunako kideek afari gozoa prestatuko dute bertsozaleentzat. Menua ere iragarri dute: txorizoa, bakailao tortilla, saiheskia, postrea eta edariak. Dagoeneko afaltzeko txartelak eros daitezke 20 euroren truke, Arraguako jai batzordeko kideengana luzatuta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos