Berrialagun diren komertzioetan 1.000 euroko zozketa egingo da

Zabaleku, Leonet, Arbelaitz eta Otamendi. / BASTEROBERRI
Zabaleku, Leonet, Arbelaitz eta Otamendi. / BASTEROBERRI

Elkarlanean ariko dira Itturri, Berria eta Udala

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Itturri Merkatari Elkarteak, Berria taldeak eta Udalak herriko komertzio ttikiak eta Berria Taldeak elkarlanean egingo duten kanpaina bat aurkeztu dute gaur. Udalak egitasmoa babestu du, komertzio ttikia sustatzeaz gain, euskarazko komunikabideak sustatzen laguntzen duen kanpaina hau ekonomikoki lagunduz.

Kanpaina hasi haurretik, herriko komertzio ttikian Berrialagunak bilatu ditu Berria Taldeak. 30 baino gehiago izan dira euskarazko egunkariko harpidedun egin direnak. Hilaren 15era arte, Berrialagun egin diren herriko komertzio eta ostatuetan kontsumitzen duten herritarrek 1.000 euroren zozketan parte hartuko dute.

Zozketa Txerri Egunean, abenduak 16, egingo da eta 5, 10 eta 50 euroko bonoak banatuko dira Berrialagun diren Oiartzungo komertzioetan gastatzeko. Berrialagun egin diren komertzioen artean, beste 1.000 euroko zozkatuko dira, Berria egunkarian publizitate moduan erabili ahal izateko.

Indarrak batzeko ahalegina

Berria egunkariko zuzendari den Martxelo Otamendik azaldu duenez, kanpaina honek «euskarazko prentsa heltzen ez den herritarrengana heltzen lagunduko digu». Euskal Herriko beste zenbait herritan antzeko kanpainetan parte hartu izan du Berria Taldeak, «hasieratik pentsatu genuen gu bezala txikiak direnekin egin behar genuela lan, elkar laguntzeko».

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak kanpaina honek «Oiartzungo Udalarentzako garrantzitsuak diren bi lan-ildo lotzen» dituela azpimarratu du, «euskara eta merkataritza ttikia sustatzea». Euskalgintzan zein komertzio ttikian lanean dihardutenen «konpromisoa errekonozitu» du Leonetek, aukera aprobetxatuz.

Ion Zabaleku, Itturri Merkataritza Elkarteko lehendakariak, aldiz, «sariek herritarrengana heltzea erraztu eta euskara arloan elkarlana onuragarria» izango dela aitortu du. Era berean, Udala merkataritza ttikia sustatzeko ematen ari den babesa eskertu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos