Belarriprestak eta ahobiziak astebete lanean, astebete aurretik

Udaleko langileak 'Konpromisotik a(d/r)itzera' kanpainarekin bat eginez./BASTEROBERRI
Udaleko langileak 'Konpromisotik a(d/r)itzera' kanpainarekin bat eginez. / BASTEROBERRI

Konpromisotik a(d/r)itzera ekimena martxan da

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Bada astebete Konpromisotik a(d/r)itzera ekimena martxan jarri zela. Ahobiziek eta belarriprestek ahal duten guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten. Euskararen festa aitzakia hartuta hilaren 2an eman zioten hasiera kanpainari etxafuegoarekin.

Egitasmoaren antolatzaileek diotenez egitasmoa martxan jarri aurretik hausnarketa prozesu bati ekin zioten. Euskararen erabilera jaitsi egin zelako sentsazioa zuten herritar zenbaitek eta horrek zer pentsatu eman zuen. Iaz, gutxi gorabehera azaroa aldera edo Arnasguneen gaiari heldu zioten. Haurtzaro Ikastolako jantokian elkartu ziren euskararekin kontzientziazioa duten 80 bat lagun oiartzuar. Bertan ohartu ziren herrian kezka zegoela eta zer edo zer egin behar zela erabilera hori bultzatu zein sustatzeko. Horri halere, 2016an Soziolinguistika Klusterrak egindako kale erabileraren datuak gehitu zitzaizkion, uste baino gehiago jaitsi baitzen erabilera Oiartzungo kaleetan.

Arnasguneen lantaldea udaletxeko Euskara zinegotziak eta teknikariak, Ttur-tturreko hiru kidek eta zenbait norbanakok osa- tzen dute. Halere, esan behar da lantaldean parte hartzen ez duen, baina ahal duen neurrian laguntzeko prest dagoen jendea badagoela. Eta bide batez, eskerrak eman nahi dizkiote lantaldeko kideek Onin-tza Etxebesteri, diseinu lanak berak egin baititu.

Arnasguneen hausnarketatik abiatuta iritsi dira Konpromisotik a(d/r)itzera egitasmora. Baina, beraiek argi dute ez dutela deus berririk sortu. Aurretik Euskal Herriko beste zenbait herritan: Egia, Lasarte-Oria, Agurain, Errenteria ... egin izan diren kanpainak Oiartzunera moldatu dira. Gainera, 2018rako Euskal Herri mailan tankerako ekimen bat prestatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Euskara Elkarteen Topagunea. Oiartzunera moldatu eta herritarrengana iristean uste dute dagoela gakoa.

Konpromisotik a(d/r)itzera egitasmoa aurreko ikasturtea bukatu aurretik pentsatua zegoen. Apirila aldera Malores Etxeberria Hernaniko Euskara teknikariaren hitzalditxoa izan genuen Manuel Lekuona bibliotekan. Hernanin egin zen 'Euskara ari du' egitasmoa azaltzera etorri zen. Hortik ideia hartu, Euskal Herriko beste zenbait lekutan egindakoak ere begiratu, etab. Esan daiteke udako oporrak hartu aurretik dena prestatzen hasiak zirela Arnasguneen lantaldeko kideak. Gero, ikasturte berriarekin batera dena martxan jartzeko, aurrez dena prest utzi zuten.

Egitasmoaren izena bitxia gerta dakioke sekula entzun ez duenari. Baina jatorria erraza du. Hitz joko bat da. Oiartzunen, inguruko herrietan esaten duten bezala, 'letrak jateko ohitura' omen dago. Izatez, Euskal Herri osoan gertatzen den fenomenoa bada ere. Baina, hortik tiraka konturatu ziren Oiartzunen aittu entzun zein aritu, erabili, egin esanahiekin erabiltzen dela. Hortik, Konpromisotik, euskararen aldeko konpromisoa hartzetik egitera, batzuek adituz, entzunez soilik eta besteek arituz, hitz eginez. Beraz, Oiartzuar batek 'Euskaraz aittu' euskaraz entzun edota euskaraz hitz egin zentzutan ulertuko luke, esaldi anbiguoa da. Anbiguetate horrek ematen dio xarma.

Pare bat astetako ekimenak

Ikasturte berriarekin, aurrez prestatutako guztia martxan jarri zuten. Urriaren 20an argazki erraldoia atera zuten, horrela jendearen arreta erakartzen hasiz. Zabaltzeko bideo bat ere egin zuten. Gero aurkezpena etorri zen, eta ondoren azaroko hitzaldi sorta eta Telp tailerra, Azmarrinen laguntzarekin antolatuak. Horrela, abendua iritsi zitzaien astero euskararekin lotutako zer edo zer eginda. Horrez gain, denbora horretan hainbat enpresa eta elkartek ere beren atxikimendua erakutsi dute kanpainarekin: Oiartzun Kirol Elkartea, Oiarpe, Ibargain musika eskola, Aldeguna elkartea, Niessen enpresa, Oiartzungo udaleko langileak...

Egitasmoan bi modutara har daiteke parte: Ahobizi edo Belarriprest. Ahobiziak euskaraz ahal duten guztietan aRitzeko konpromisoa hartu dute, euskaldunak direnak eta euskaraz bizi direnak. Belarriprestak, berriz, euskaraz aDitzeko konpromisoa hartu dute; oro har, euskaraz ikasten ari direnak dira, edo egunerokotasunean euskara erabiltzeko joerarik ez dutenak.Pasa den hilaren 2an, Euskararen festa izan zen Oiartzunen eta kanpainari hasiera emateko aprobetxatu zuten. Kanpaina hasteko ordea, beharrezkoa izan zen ahobizi zein belarriprestei txapak banatzea. Urrian eta azaroan zehar jendeak internet bidez eta aurrez aurre izen emateko aukera izan du ekimenean. Azaroan zehar, astean egun pare batez Fermiñenen ere egon dira txapak banatzen; nahi izan duenak Fermiñeneko Ttur-tturreko bulegoan ere jaso ahal izan du.

1.500 oiartzuarretik gora

Zifra altuak dira 10.000 pertsonako herri batean hainbeste pertsonak parte hartzea euskararen erabilera sustatzeko. Zifra horietara iristeko laguntza handia izan dute. Antolatzaileek herriko bi ikastetxeen lana azpimarratu dute. Halere, poza eta kezka erakutsi dute antolatzaileek. Zifra handiak lortzen itsutu direlako beldur dira, eta horrekin kanpainaren helburuak lausotu ote zaizkien. «Baliteke, hobe zitekeela jende gutxiagok parte hartzea, baina konpromiosari eustea» esan digute Ttur-tturreko kideek.

Datorren larunbatean bukatuko dute Konpromisotik a(d/r)itzera kanpainarekin. Hilaren 16an izango den Txerri eguna aprobetxatuz. Astebete egin dute jada makina bat oiartzuarrek kanpainan eta beste astebete falta zaie. Txerri eguna leku eta momentu egokia iruditu zaie bukaerako 'festa' egiteko. Euskararen festarekin hasi zuten egitasmoa eta hala bukatuko dute, brindisarekin. Txerri egunak esan nahi asko ditu oiartzuarrentzat, neguaren hasiera dakar, oporren hasiera, lanaren bukaera, ... Baina, batez ere euskaltzale eta herritar mordo baten bilgunea bihurtzen da. Hori dela eta, hori aprobetxatu nahi dute antolatzaileek kanpainari bukaera polita emateko.

Eta bide batez, Oiartzunen 13 egunez euskaraz bizitzeko gai garela ospatzeko.

Aurrera begirakoak

Aurrera begira kanpainan parte hartu duen jendearen esperientziak biltzea gustatuko litzaieke antola-tzaileei. Horrelako kanpainak egin diren beste herri zenbaitetan hala egin dute, eta horrek ondorioak, balorazioak egiten laguntzen du. Interesgarria iruditzen zaie antola-tzaileei jakitea jendeak izan dituen erraztasunak, zein tokitan izan dituen zailtasunak, jendeak ohiturak aldatzea lortu duen ... Horrela indarrak zertan jarri jakingo bailukete. Zaila zaie, ordea, 1.500 pertsonak bere esperientziak partekatu ditzakeen modua, baliabidea, plataforma bilatzea. Kanpaina bukatutakoan hori nola bideratu hausnartu beharko dute.

Datorren urtean ildo beretik doan egitasmoa izango da Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Euskal Herri osoan batera egingo da. Oiartzunen ordurako oraingo kanpainan parte hartu dutenen artean sarea sortua izango da, beraz lanak aurrez eginak daude. «Beraz, errazagoa izan liteke gero berriz martxan jartzea. Bestalde, kontrakoa ere gerta liteke, jendea nekatzea» iradoki dute Arnasguneen lantaldeak.

Orain oraingoak...

Eusko Jaurlaritzaren kanpaina iritsi bitartean euskara hauspotzen segituko dute Oiartzunen aste hauetan. Eta espero dezagun kanpainan parte hartu duenak euskaraz aritzen edo aditzen segi dezala.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos