Baditu txapeldunak Euskal Herriko pala txapelketa irekiak

Txapeldunak, txapeldunordeak eta antolatzaileak. / BASTEROBERRI
Txapeldunak, txapeldunordeak eta antolatzaileak. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Aurreko larunbatean giro ederrean eta ikusle eta zaletu askorekin jokatu ziren Euskal Herriko pala txapelketaren finalak, Madalensoron. 35. edizioko emaitzei erreparatuta hala ez badirudi ere nahiko partida orekatuak izan zirela esan behar da. «Partida luzeak eta joko onekoak izan ziren guztiak», nabarmendu du Martxel Toledo antolatzaileak. «Amaiera ezin hobea eman genion Girizia elkarteak Udalaren laguntzarekin urtero antolatzen duen txapelketaren 35. ekitaldiari».

Aurtengo txapeldunak hauexek dira: Hirugarren mailan Anoetako Luixa anaiak. Partida serio eta ongi jokatu ondoren, 25-13 nagusitu ziren Agirre gazteari eta Mendigain tolosarrari. «Bi anaiek erakutsi dute txapelketa osoan pilotari handiak direla eta haien artean ongi konpontzen direla kantxan», argitu du Toledok. «Larunbatean ehuneko ehunean aritu ez arren, aurrelariak hankako zaintiratuarekin eta atzelariak txorkatilako arazoarekin jokatu zutelako, ez zuten arazorik izan txapelak Anoetara eramateko».

Bigarren mailan, txapeldun berriak Arrizabalaga eta Lizarralde elgoibartarrak dira 25-19 Andueza eta Rodriguez urretxuarrei irabazi ondoren. «Horiena ere partida luzea eta oso orekatua izan zen eta soilik azken tantoetan erabaki zen. Elgoibar aldeko bikotea faborito garbia zen, txapelketaren hasieratik erakutsi dutelako bikote indartsua zela eta ez zuten hutsegin. Esan behar da ez zitzaiela animurik faltatu, Elgoibarretik etorritako 25 lagun harmailetan izan baitziren jokoak iraun zuen bitartean», azpimarratu du Giriziako ordezkariak.

Nesken mailan, berriz, Aiako Eizmendi ahizpak dira txapeldunak 25-19 irabazi ondoren Errobiko Rodas eta Aginako Arrillaga bikoteari. «Arrillagak ez zuen egun egokiena izan eta pilotari indartsua eta ona izan arren, larunbatean pilota gehiegi galdu zituen. Bi ahizpak, aldiz, txukun eta seguru aritu ziren hasieratik, batik bat Garazi atzelaria. Nahiak ongi egin zituen aurreko kuadroetako lanak eta merezimenduz eraman zuten txapela etxera», argitu du.

Azkenik, lehen mailako txapelak Salaberria eta Huegun gipuzkoarrek irabazi zituzten pronostikoak hautsita, 25-16 irabazi zieten eta Arriaga eta Unda bizkaitarrei. Gipuzkoarre oso ongi jokatu zuten eta aurten txapelak Astigarraga eta Loiolara joan dira.

Amaieran, sari banaketa egin zen Gamio Indakoetxea familiakoak, Girizia elkartea eta Udal ordezkariekin. Eta txapelketari amaiera egokia emateko herriko elkartean bildu ziren pilotari eta antolatzaileak afaria giro bikainean ospatzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos