Azken egunak dira Bretainiarako bidaian izena emateko

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzun-Karaez senidetza taldeak eta Oarsoaldeko AEK-k Bretainiako Ar Redadeg izeneko lasterketan parte hartzeko bidaia antolatu du, Udalaren laguntzarekin. Euskal Herriko Korrikaren antza duen ekimena maiatzaren 4an hasiko da Quemperren eta Plougernen bukatuko da maiatzen 12an. Guztira 1.800 kilometroko lasterketa izango da eta 300 herritik gora gurutzatuko ditu, beti ere Bretainiako hizkuntzaren aldeko aldarrikapena egiteko.

Oiartzundik joango den taldea maiatzaren 9an abiatuko da 22:00etan, hurrengo goizean Bretainiara iristeko. Horrela, lasterketaren azken hiru egunak eta azken festa erraldoian parte hartzeko aukera izango du. «Kultura elkartruke bikaina izango da, euskaldunak Bretainiako hizkuntzaren aldeko lasterketa erraldoiaz gozatzeko aukera paregabea», nabarmendu dute antolatzaileek. Itzulera maiatzaren 13an egingo du taldeak.

Bidaia 18 urtetik gorakoentzat izango da, 50 euroren truke. Izena emateko epea bihar bukatuko da: redadeg2018 @gmail.com helbidera idatzi beharko dute edota udaletxera gerturatu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos