Auzitegi Nagusiak San Markos mankomunitatearen 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Euskadiko Auzitegi Nagusiak San Markos Mankomunitateko 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo Udalek jarritako helegiteari arrazoia emanez. «Epaia argia da -diote hiru herritako udal ordezkariek-: 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu eta San Markos Mankomunitatea behartzen du auzibideak eragin dituen kostuak ordaintzera». Luix Intxauspe Hernaniko alkateak azaldu duenez, «ez da lehen aldia gisa honetako epai bat jasotzen duguna. Iazko azaroan, toki berean elkartu zintuztegun beste epai baten berri emateko. Orduko hartan Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko aurrekontuak baliogabetu zituen. Bigarren aldiz, epaitegiek arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan».

2009tik aurrera, San Markos Mankomunitateko hainbat herri gaikako bilketa selektiboa egiten hasi ziren «Udalek mankomunitateari egin beharreko ekarpena, ordea, ez zen egokitu errealitate horretara. 2014an aurrekontuak errekurritu egin ziren. 2015 eta 2016 urteetan egoera errepikatu egin zen; ondorioz, aurrekontuak berriz epaitegietara eraman behar izan genituen, EAJ eta PSE-EEko ordezkariek entzungor egiten jarraitzen ziotelako sistema justuago bat martxan jartzeari».

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak azpimarratu zuenez, «aurrekontu hauen helburua bilketa selektiboa ondo egiten ez duten herriak ez kaltetzea izan da; ondo egin ala ez, berdintsu tratatzen ditu herri guztiak San Markosek, eta horrela hondakin bilketa eraginkorrak martxan dituzten herriak eta herritarrak zigortu. Hondakinak modu jasangarrian kudeatu nahi badira, ezinbestekoa da ondo egiten ari dena saritzea, eta gaizki ari direnak zigortzea».

Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo udalen iritziz, herritarren praktika onak saritu behar dira eta txarrak zamatu. «Aurrekoa Europatik datozen zuzentarauekin bat dator. Lehengo astean bertan Europako Parlamentuak birziklatzea sustatzeko eta zabortegiak nahiz erraustegiak gutxitzeko erabaki sorta hartu zuen, ekonomia zirkularrarekin lotutako hainbat egitasmo onartzearekin batera. Orain, Europako Kontseilura igorriko dituzte, arau bihurtzeko. Horien arabera, 2025erako hiri-hondakinen %55 birziklatu egin beharko da eta 2035erako, hondakinen %65. Halaber, 2035erako hondakinen %10 baino ezingo dira isuri zabortegietara. Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen aspalditik %80tik gorako bilketa selektibo-tasak ari gara lortzen. Eta halako emaitzak saritu egin behar dira, baita ekonomikoki ere. Hala dio Europako parlamentuak ere: hondakinen finantza sistemak lagundu egin behar duela», adierazi zuen Arregik.

Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udal ordezkariek, iazko azaroan agertutako jarrera berretsi zuten atzo: «San Markosekin hitz egiteko deia egin genuen, eta horretan berresten gara gaurkoan ere». «2018ko aurrekontuetan aldaketa txikiren bat izan bada ere, ez da aski», azaldu zuen Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordeak. «Hala ere, aurtengo aurrekontuak ez ditugu epaitegietara eraman elkarlanerako dugun prestasuna erakusteagatik. San Markos Mankomunitatearen aldetik gardentasuna, zintzotasuna eta, gure herriekiko eta herritarrekiko errespetua espero ditugu».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos