Atzo hasi zen ihote festa eta gaur puska biltzea

Basandrea udaletxetik jaisten./
Basandrea udaletxetik jaisten.

Bart ilunabarrean jaitsi ziren Intxixu, Sorgin eta Basandreak

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Atzo goizean goizetik nabari zen ihote giroa Oiartzunen. Plaza inguruko etxe eta eraikinak apaintzen ibili ziren eta arratsaldeko festarako dena prestatzen. Ez zen apainketa lana bakarrik izan atzo goizean Doneztebe plazan. Elizalde ikastetxekoak beren karroxak hartu eta ikasleak zaku jantzita Elizalde auzoko kaleetan zehar itzulingurua egin baitzuten. Astoa eta bi traktore kanabera, zaku zein telaz josirik, musika lagun zutela ibili ziren. Hainbat gurasok lagundu zuten antolatzen eta zaku jantziarekin lagundu zituzten haurrak bidean zehar. Ihote giroa goiz goizetik jartzea lortu zuten.

Arratsaldean berriz Haurtzaro ikastolan burrunba izan zuten. Ikasle eta irakasleak zakuz jantzirik zarata ateratzen aritu ziren Intxixu, Sorgin zein Basandreei herrira jaitsi zitezkeelako deia egiten. Ikastolatik 16:45ean atera eta plazarainoko bidea egin zuten. Herria goitik beheiti aztoratzen hasi ziren, nahiz eta oraindik onena falta. Honen ondoren, txokolate jatea izan zuten parte hartu zutenek.

Goizean zein arratsaldean eguraldia, gutxienean, lagun izan zuten. Burrunbaren eta txokolatearen ondoren ttikienei luze egin zitzaien Aiako Harritik zetozen izakien itxarotea. Hotza nagusi, baina poliki-poliki jendea plazan bilduz joan zen.

19:00ak aldera herriko dantzariek azeri eta sorgin dantzak dantzatu zituzten. Hauek bukatutakoan iluntasuna izan zen plazan nagusi. Baina, Legarreko maldan barrena sua eskuan zutela ikusi ziren Basandreak, Sorginak eta Intxixuak. Zaku jantzirik kalejiran egin zieten etorrera herritarrek. Zibilaziora jaisten diren urteko hiru egunak ospatzeko gogoz etorri ziren. Beren errituak egin eta Udaletxeko balkoira igo ziren auzo guztietako zapiak lotuta zituen kanabera igotzera. Beti bezala, makina bat txiribuelta egin ondoren. Haur eta gazte mordoxka bat zirikatu zituzten intxixuek, baina baita alderantziz ere.

Festaren hasiera ongi bukatzeko, tabernaz taberna joan ziren 'poteoan'. Gau ederra pasako zuten Intxixu, Sorgin eta Basandreek behin zibilizaziora jaitsita. Baina, gaur goizean jaiki beharko dute puska biltzen ari direnenei bisita egin eta sagardo pixka bat emateko.

Gaur goizean kuestazioan

Gaur goiz goiz jaikiko dira oiartzuarrak, dantzariz edo poxpolinez jan-tzi eta kalera aterako dira. Auzo bakoitzak ez du ordu bera, gehienak 9:00ak aldean geratu dira. Auzo bakoitzak bere auzoaren koloreko xingolak besoan jarri eta etxez etxe, baserriz baserri, musika lagun dutela dantzan joango dira. Ohitura den moduan, aurretik koadrilako bat erratzarekin joango da etxeko atariak izpiritu txarrengandik garbi-tzeko.

Baserrietan jan edana emango diete, tripa ongi bete eta hankak gogor astindu beharko dituzte. Gero auzoan elkartu eta bildutako puskarekin bazkaria egitea da ohitura. Nahiz eta orain bazkaria aurrez antolatua izaten den. Ume, gazte eta heldu, denak biltzen dituen festa da kuestazioa. Denak batera bazkaldu eta gero 18:00ak aldera plazara igoko dira.

Han auzo guztietan ibilitako koadrilak elkartuko dira. Dantzan egingo dute denak batera. Eta festak aurrera jarrai dezan Eonian elektrotxaranga izango dute 19:00etan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos