Atzo eta gaur, antzerkitik antzerkira

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Urtea hasi eta Oiartzunen antzerkia da nagusi. Generoa sorkuntza eta artearen ikuspegitik aztertu dute 'Genero-praktikak' ikastaro sortan Oiartzunen, Idoia Beratarbidek gidatzen duen Ehuntze sormen espazioaren eskutik. Abenduan hasi zen ikastaro sortan lehenbizi Iratxe Retolazarekin literaturaren bidetik aztertu zituzten pertsona bakoitzaren genero-begirada eta aurreiritzia. Gero, Ainara Lasarekin Virginie Despentesen King Kong teoria liburuan murgildu ziren, objektuak eta argazkigintza adierazpide.

Hilaren 2tik 5era ari dira aurrera eramaten hirugarren ikastaroa, antzerkiari loturikoa, modu intentsiboan. Lau egunez goizetan Miren Gaztañaga eta Ainara Gurrutxagak gidatuko dituzte jolas fisikoak. Arratsaldez, ordea, Metrokoadroka kolektiboko bost lagunek sorkuntzara bideratuko dituzte ikasleak.

Antzerki zikloa denentzat

Ikastaroak irauten duen egunetan, antzerki programazioa antolatu dute, edozeini irekiak, Udala eta Oiartzungo Antzerkizaleekin elkarlanean. Hilaren 2an, 20:00etan Ehuntze sormen espazioan: King Kong neska antzezlana izan zen Josune Gorosteguiren eskutik. Atzo, Mr Señora antzerki-errezitaldia. Metrokoadroka kolektiboaren eskutik. Gaur, 20:00etan, Udal Pleno Aretoan izango da Stereo antzezlana Miren Gaztañaga eta Ainhoa Jauregiren eskutik. Stereo dantza-antzerkia da. Claude Cahunen autorretratuak, maskulinotasuna eta feminitatearen inguruko irakurketak eta lagunekin izandako solasaldiak hartzen ditu oinarri. Antzezlanaren ondoren, solasaldia egingo dute egileekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos