Asteburuan makina bat ekitaldi Soinuenean, Elizalde Herri Eskolan eta Pagoa aretoan

Azko Kategoriko bertso bazkaria Elizaldeko pilotalekuan.

Gaur, Mugarri liburuaren aurkezpenarekin hasiko da egitarau zabala

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Asteburu honetan, larunbatean eta igandean ekitaldi mordoa izango da herrian. Batetik, larunbatean, Gaskoniako kanta eta dantzak izango dira Arditurriko meatze gunean; horrez gain, Elizalde Herri Eskolak antolatutako Kategorik IV. bertso bazkaria izango da. Igandean berriz, Artikutzako trenaren egunaz gain, Pagoa aretoan ere izango da zer ikusi eta entzun.

Soinuenean

Soinuenea Fundazioak eta Arditurriko interpretazio guneak elkarlanean antolatu dute Gaskoniako kanta eta dantzak ezagutzeko tailerra. Goizeko 11:30ean izango da Arditurriko meatze gunean. Joan Frances Tisner okzitaniarra izango da tailerra zuzenduko duena.

Saioak dohainik eta gaztelaniaz izango dira. Antolatzaileek kantatzea eta dantzatzea gustuko duen ednor gonbidatu nahi dute. Joan nahi duenak Soinueneara deitzea edo idaztea eskatu dute antolatzaileek.

Artikutzako trenaren eguna

Gaur, Mugarri liburuaren aurkezpenarekin hasiko da. Baina, egun handia igandean izango da. Igandean 08:30ean, Altzibartik, zehazki Albisturreko aparkalekutik, abiatuko dira Eskasera, trenak egiten zuen bidea egiteko aukera izango da, azalpenak entzunez. Oinez, txirrindaz edo korrika egiteko aukera izango da.

Oinezkoei azalpenak Anton Mendizabalek eta Suberri Matelok emango dizkiete, eta txirrindulari eta korrikalariei, Felipe Mitxelenak. Era beran, Txostekoek laguntzarekin Zaldingo pilotasoroan erakustaldi bat izango da.

Literatura eta musika

Igandean, hilak 8, arratsaldeko 19:00etan literaturaz eta musikaz euskaraz gozatzeko aukera izango da Pagoa Kafe Antzokian. Neighbor taldearen musika eta Goiatz Labandibar idazlea ariko dira elkarlanean, bertaratzen diren guziei doinuaz eta letrez gozarazteko. Sarrerak aurrez 6 eurotan lor daitezke, eta egunean bertan Pagoan 8 eurotan.

Elizalde Herri Eskolan

Elizalde Herri Eskolan kategoriko bertso bazkaria antolatu dute laugarrenez. Larunbat honetan izango da Elizalden bertan eguerdiko 14:00etan.

Ander Lizarralde, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertan izango dira, eta herriko bertso eskoletako gazteak ere parte hartuo dute. Sarrerak eskuratu nahi dituenak honako tokietan ditu eskuragarri: Elizalde Herri Eskolan bertan, Elorsoro kiroldegian, Kabitxo tabernan, Amazkar tabernan eta Garmendi Txokolategian. 20 eurotan helduentzat, 12 eurotan gazteentzat eta umeentzat 5 eurotan.Aurreko ikasturteko eskariei erantzunez, haurrak zaintzeko zerbitzua ere edukiko dute, DBHko ikasleen laguntzaz.

Muittu! Egitasmoa

Muittu egitasmoa LH2. mailako haurrentzako antolatzen da. Aste honetan hasi da ikasturtea Muittu!-n. Oraingoz 15 haur daude egitasmoan bi taldetan, Malen Moran hezitzailea arduratuko da bi taldeez. Baina astelehen eta asteazkenetako txandan tokia dago.

Interesa dutenek eskolakirola@gmail.com helbidera idatzita informazio gehiago jaso dezakete, baita 943 49 01 42 telefonora deitu eta Eskola Kirolako arduradunaz galdetuta.

Fotos

Vídeos