Asteburu luzea ekitaldiz josia dator iturrioztarrentzat

Neska mutikoak euren bizikleta eta kaskoekin lasterketako irteera puntuan. / GOIZARIN

'Zu eta ni' Antzerki musikatua gaur gauean Iturriotz auzoko festetan

GOIZARIN OIARTZUN.

Jaien azken txanpan daude Iturriotzen eta asteburu luze honetan hamaika ekitaldirekin gozatzeko aukera dute oraindik, eguraldiak laguntzen badu behinik behin.

Gaurkoan, auzoko jubilatuak izango dira protagonista. Iturri-Berri elkartean bilduko dira bazkari-legea egitera, 14:00etan. Bapo bazkaldu ondoren, eta jarduna ezin hobeto bukatzeko, urteroko ohiturari jarraituz, bertaratuen arteko jubilatu zaharrenari erloju dotorea oparituko dio elkarteak. Arratsalde partean, gaztetxoek hartuko dute festen lekukoa. Izan ere, 16:00etan ur festa eta txokolate jatea izango dute, beroari aurre egiteko.

Gero, arratsaldeko 18:00etan, pintxo-potea ez da faltako Gure-Txoko tabernan eta txosnan. Jarraian, 20:00ak aldera, Enkartelada izango da auzoan barrena. Azkenik, Soroan afaltzeko aukera paregabea izango da, giro bikainean. Eta ostiral gauari amaiera ezin hobea emateko, 'Zu eta ni' antzerki musikatua Joseba Usabiaga eta Iñaki Santosen eskutik, 22:30ean.

Sagardo dastaketa, bihar

Bihar larunbata, goizeko 10:00etan hasiko da festa, bizikleta martxarekin. Txirringa zaleek dute hitzordua. Arratsaldean ere izango da adin guztietako lagunentzat entretenigarri politak. Esate baterako, 17:00ak aldera, haur-tailerrak hasiko dira inguratzen diren haurren gozamenerako.

Gero, 18:00ak aldera, Iturrioztarren VIII. Sagardo dastaketa/lehiaketa hasiko da. Ea aurten norena den auzoko sagardorik onena. Saioa Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze bertsolariek girotuko dute.

Azkenik, ogitarteko bikainak izango dira gosetzen direnentzat, Soroan. Gero, gauari amaiera emateko 'Tony Rocket' kantu-giroko Andoni abeslariaren emanaldia. Bukatzeko, DJ Kataxulorekin parrandarekin jarraitzeko aukera paregabea.

Fotos

Vídeos