Artikutza familian ezagutzeko ibilaldi gidatua, igandean

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Artikutza hobeto ezagutzeko martxan jarritako programak aurrera darrai eta heldu den igandean izango du jarraipena, Artikutza Naturaren eskutik. «Maiatza hilabete aproposa da Artikutzak eskaintzen duen paisaia ederrez gozatzeko», nabarmendu dute antolatzaileek.

Hortaz, Artikutzako ingurune naturala hobeto ezagutzeko bisita gidatua (euskaraz) antolatu dute helduentzat nahiz etxeko ttikienentzat, datorren iganderako, hilak 13. Antolatzaileek zehaztu dutenez, «Bidangoko gainera joko dugu, bide zabalean. Oso bide xamurra da, izan ere 318mko desnibela besterik ez dugu egingo. Guztira 7,2 km ibiliko gara».

Artikutza barrutiko sarreran, Eskasen, hasi eta pinuen eta izeien landaketaz inguraturik, altuera pixka bat irabazten duen bidetik joango dira mendizaleak Bidangoko gaina arte. Bidangotik basoetan behera barneratzen den kontrabandisten bidea hartuko dute gero, pagadien artean Elizmendiko bidea topatu arte. Oraingo bide honetan Erroiarrikoerreka izango dute alboan eta haren ibilbidean osatzen den ur-jauzia ikusiko dute. Erreka albo batera uzten dutenetik aurrera, malda igo beharko dute abiapuntura heldu arte.

Interesaturik egonez gero, hona hemen jakin beharrekoak: tarifak, 6 urtetik beherakoak, dohainik; 6-16 adinekoentzat, 2,09 euro eta 16 urtetik gora, 3,14 euro. Bisita 09:15etik 13:30era bitarte izango da. Eskaseko atezaindegiko aparkalekuan jarri dute hitzordua.

Izena emateko azken eguna ibilbidea burutuko den asteko ostirala izango da eta egun horretan bertan telefonoz konfirmatuko dira izen emateak. 620 337 875 telefonora deitu behar da, 08:00etatik 16:30era. Helbide elektroniko hau ere erabili daiteke: artikutzanatura@donostia.eus Bisita gaztelaniaz egin nahi dutenek aukera izango dute hilaren 20an.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos