Artikutza ezagutzeko ibilaldi gidatuak izango dira udazkenean

Goizarin inguruko parajeak./BASTEROBERRI
Goizarin inguruko parajeak. / BASTEROBERRI

Hilaren 17an izango da lehen ibilaldia Goizarin aldera

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Artikutzako txoko eta parajeetan naturak izaten du zer erakutsi urteko sasoi bakoitzean. Oraingoan udazkenak naturan sortzen dituen edertasunaz gozatzeko ibilbideak prestatu dituzte haur, gazte zein helduentzat.

Hilaren 17an izango da lehen ibilaldia. Artikutzako auzoan hasi eta Elamaruntz joango dira Etzalekuko bidean barrena. Asmoa Goizarineko burdinola zaharrera jaistea litzake. Artikutzako auzorako buelta pistaz egingo dute, ikazkinen lanbide zaharra gogora ekarriz Pagadi, haritz eta gaztainondo zaharren artetik. Ibilbide hau 7,8 kmkoa da eta 183 metroko desnibela du. Hilaren 17ko ibilbidea euskaraz egingo da, baina ibilbide hau bera gaztelaniaz egiteko aukera izango da urriaren 8an. Hurrengo ibilbideak urrian eta azaroan egingo dira. Bigarren ibilbideari 'Ferrokarrilaren ibilbidea' deitu diote, urriaren 22an egiteko aukera izango da. Anton Mendizabal ibiliko da Artikutzako trenaren ibilbidea erakusten.

Hirugarren ibilbidea, berriz, azaroaren 5ean (euskaraz) eta azaroaren 19an (gaztelaniaz) egiteko aukera izango da. Ibilbide honetan Enobietako inguruak ezagutuko ditu joaten denak.

Interesik izanez gero hemen jakin beharrekoa: tarifak, 6 urtetik beherakoak, dohainik; 6-16 adinekoentzat, 2,09 euro eta 16 urtetik gora, 3,14 euro. Bisita 09:15etik 13:30era izango da. Exkaxeko guarda etxeko aparkalekuan jarri dute hitzordua.

Izena emateko azken eguna ibilbidea burutuko den asteko ostirala izango da eta egun horretan bertan telefonoz konfirmatuko dira izen emateak. 690 720 264 telefonora deitu behar da, 08:00etatik 16:30era. Helbide elektroniko hau ere erabili daiteke: artikutzanatura@donostia.eus

Fotos

Vídeos