Antton Kazabon idazleak bost liburu kaleratu ditu 2017an

Kazabon Errekak oiloari liburua aurkezten Elkar argitaletxearekin. /
Kazabon Errekak oiloari liburua aurkezten Elkar argitaletxearekin.

Hiru argitaletxerekin argitaratu ditu liburuak oiartzuarrak

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Antton Kazabon Amigorena (Oiartzun, 1954) urte askoan Haurtzaro ikastolako irakaslea izan da; horrez gain, haurtzaro ikastolako bertso-eskolaren sortzailea eta beste hamaika proiektu eta lanetan ibili izan da. Baina, beti izan du bertsoetarako, poesiarako zein literaturarako xarma berezia. Bere 63 urterekin erretiroa hartuta bizi da Antton, baina ez du denbora alferrik galtzen. Ikusi besterik ez dago, azken urtean bost liburu argitaratu baititu hiru argitaletxe ezberdinekin. Durangoko azoka, erakusleiho perfektua, datorkio Kazaboni abenduan.

Liburu gehiago

Pasa den urtean 'Piku azpian' liburua argitaratu zuen Denonartean argitaletxearekin, Udazkeneko jolasak bildumaren barruan. Bildumari segida emateko aurten beste bi liburuak argitaratu ditu. Haur literaturaren barruan kokatutako poesia narratibo gisa sailkatutako liburuak dira. Kazabonen ustez ahots-goiti irakurri beharreko liburuak dira. Bertsoen eta poesiaren arteko zerbait bezala defini daitezke. «Ahots goran irakurtzean erritmoa hartzen du eta jolasteko aproposak dira» dio Kazabonek.

Bi liburuen kasuan basoko pertsonaiak dira protagonista, baina gizakion eguneroko bizitzan gertatzen diren gertaerak, bizipenak zein sentimenduak islatzen dituzte. Intxaur azpian liburuan intxaurra, katagorria eta katuaren arteko borroka irudikatzen du. Gaztaina azpian liburuaren kasuan, berriz, artaldea, artzain-txakurra eta otsoaren arteko lehia da. Haurrei zuzendutako liburuak direnez marrazki erakargarriekin egindako liburuak dira, horretarako Jokin Mitxelena oiartzuarrak lagundu dio idazleari.

Aukera zabala

Kazabonek Ibaizabal argitaletxearekin beste bi liburu kaleratu ditu; bata Matxinsalto bildumarekin eta bestea Txirrista bildumaren barruan.

'Haizeak hitz, hitzak haize' da Matxinsalto bildumaren barruan argitaratutako liburua. Istorio honetan Kazabonek munduaren sorrerari buruzko beste istorio bat asmatu du. «Hasiera batean munduan ez zegoen deus, ezereza zen. Lehenengo haizea etorri zen baina bakarrik aspertu egiten zen. Josta-tzeko lainoak, hodeiak, euria ekarri zituen. Eta horrela sorgintxo sortu arte. Prosa motzean sortutako liburua da, irakurterraza eta dibertigarria. Istorioa laguntzeko Jokin Mitxelenaren marrazkiak ditu hemen ere.

Gixela nire laguna da Ibaizabal argitaletxeko Txirrista sailaren barruan kaleratutako liburua da. Haurrei zuzendutakoa da, inklusioaren gaia jorratzen du umeek uler-tzeko eta ikasteko moduan. Gixela itsua da, nahiz eta istorioan inongo momentuan ez den aipatzen. Gixelaren pozak, tristurak, abenturak eta desbenturak elkarbanatzen ditu irakurlearekin. Kasu honetan Maite Mutuberria marrazkilariak lagundu du marrazkiekin.

Modu ludikoan

'Errekak oiloari' berriz ere basoko elementuak ardatz hartuta dator: animaliak, eguraldia, mendiak, ibaiak... Antitesian kokatzen ditu Kazabonek une oro gauzak: astoa eta oilarra, otsoa eta zakurra, euria eta elurra, zubia eta erreka, katua eta sagua. Modu ludiko eta dibertigarrian gauzen alde ona eta txarra azaltzen saiatu da Kazabon. Nahiz eta, dena ez dela hain txarra eta dena ez dela hain ona; eta txarretik ona egin daitekeela ikusarazi nahi du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos