Andramari eguna ospatuko dute gaur Karrikan

Lehengusuen arteko lehia beste behin ere Artaso frontoian.
Lehengusuen arteko lehia beste behin ere Artaso frontoian. / ARGAZKIAK GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Ostiralean hasi ziren Karrikako festak, nekazari giroko festak, giro bikainarekin. Horren erakusle XXX. Truk txapelketaren estimazioa, 53 bikotek eman bai-tzuten izena Oiartzunen hainbeste arrakasta duen jokoan aritzeko. Aurtengo saria Eneko Huitzi-Andoni Mitxelena bikoteak eraman zuen, joko ona ikusi eta gero.

Larunbatean, ikusmin handia piztu zuen Baserriya taldeak eskainitako 'Kauen, Txox!' antzezlanak. Baserrian bizi den familia baten kontuak izan zituzten hizpide aktore lanetan aritu ziren Oihan Azpiazuk, June Galardik, Ainhoa Hernandezek, Leire Hernandezek, Luix Mitxelenak, Irati Matelok, Lierni Rodriguezek, Izar Susperregik eta Laida Valderramak. Saioa Aizpuruak gidatutako lanak Obrarik Onenaren saria jaso zuen ekainean, Donostiako Antzerki Topaketan.

Igande goizean, berriz, ume jolasek izan zuten arrakasta, urtero legez. Gero, kirol zaleek izan zuten animazioa Karrikan, lehengusuen arteko pilota partidarekin, hain zuzen: Aitor eta Beñat Leonet Arbelaitz versus Aritz eta Josu Leonet Aranburu. Aurten ere Aitor eta Beñat izan dira garaile, 22-14 mendean hartuta Josu eta Aritz lehengusuak.

Arratsalde partean, zaldi probak izan zuen jarraitzailerik. Aurten, Jose Antonio Arruti asteasuarrak eraman zuen garaipena bere zaldiak 122 plaza 3 zinta eta 4,90 metro egin baitzituen. Zerainen zaldiak berriz, 122 plaza 0 zinta eta 3,10 metro egin zituen. Imanol Fagollagarenak 96 plaza 3 zinta eta 5,8 metro.

Euskal dantzak eta idi dema

Gaur, Andramari eguna, festa giroa ziurtatua egongo da Artaso elkartearen aurrealdean. Goizean, dianarekin esnatuko dira auzotarrak. Gero, meza izango da auzoan hildakoen alde. Jarraian, Haurtzaro Dantza taldearen emanaldi bikaina ikusteko parada izango dute bertaratzen direnek. Jarraian, auzoko gazteen pilota partidak eta toka txapelketa ez dira faltako. Arratsaldean idi dema izango da protagonista nagusia. Eta Artaso elkartean afaldu ondoren, zezensuzkoak agurtuko ditu aurtengo jaiak.

Fotos

Vídeos