Andramari eguna ospatuko dute etzi Karrikan

Eneko Huitzi eta Andoni Mitxelena, txapeldun.
Eneko Huitzi eta Andoni Mitxelena, txapeldun. / ARGAZKIAK GOIZARIN

Atzo, aitona-amona edadetuenak omendu zituzten auzo bazkarian

GOIZARIN OIARTZUN.

Ostiralean hasi ziren Karrikako festak, nekazari giroko festak, giro bikainarekin. Horren erakusle XXX. Truk txapelketaren estimazioa, 53 bikotek eman baitzuten izena Oiartzunen hainbeste arrakasta duen jokoan aritzeko. Aurtengo saria herriko bi gaztek eraman dute, Eneko Huitzik eta Andoni Mitxelenak, hain zuzen. Bigarren saria, berriz, Nikolas Garmendiak eta Patxi Gaztelumendik; hirugarrena, Jabier Aizpuruak eta Jabier Ugaldeberek; eta laugarrena, Antton Goiriak eta Agustin Lekuonak. Errepeskan, Asier Retegi eta Enaitz de las Heras bikote gaztea nagusi.

Atzokoan, IX. Mountain Bike probak izan zuen arrakasta. Txirrindulariz josia zegoen goizeko 9:00etan Artaso elkartearen aurreko aldea. Arkaitz Izak bere taldearekin propio prestatutako 26 kilometroko ibilbidea egin zuten, primerako giroan. Gero, mendian barrena nekatu ondoren, hamaiketako goxoa zuten Artaso elkartean, indarberri-tzeko. Gero, auzoko bazkariak ere lagun asko bildu zituen elkartean. Mimo handiz prestatutako jaki goxoak jan zituzten, harmonia ederrean. Han bildutakoen artean saritu zituzten auzoko nagusienak, aspaldiko usadioari jarraituz. Aurten, Juan Mari Etxebeste eta Maritxu Mitxelena izan dira omenduak.

Arratsalde partean, XVIII. Sagardo dastaketak, herri kirolak eta giza probak harriarekin ez zuten huts egin, eta bisitari ugari elkartu zen festa gunean, eguraldi bikaina lagun. Azkenik, Baserri taldeak 'Kauen txotx' antzezlana eskaini zuen oso leku apartan.

Pilota eta zaldi proba, gaur

Gaur ere izango da zertan gozatua Karrikan. Goizean, diana eta ume jolasak izango dira lehendabizi. Gero, 11:00etan pala eta esku-pilota partidak Artaso frontoian. Arratsaldeko 18:00etan, berriz, zaldi proba eta elkartean bapo afaldu ondoren zezensuzkoa iragarri dute antolatzaileek.

Bestalde, Andramari egunean, hilaren 15ean, goizez nahiz arratsaldez festa giroa ziurtatua egongo da Artaso elkartearen aurrealdean. Goizean, diana, meza, Haurtzaro Dantza taldea, pilota partidak (auzoko gazteak) eta toka txapelketa izango dira. Arratsaldean, berriz, idi dema. Eta Artaso elkartean afaldu ondoren, zezensuzkoak agurtuko ditu aurtengo jaiak.

Fotos

Vídeos