Andoni Lekuona Berasategiren hileta gaur

19:00etan Oiartzungo Done Eztebe elizan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Andoni Lekuona Berasategi oiartzuarra zendu zen pasa den ostiralean, abenduaren 29an, 85 urterekin. 1932. urteko maiatzaren 13an jaio zen Oiartzunen. Euskal kulturan murgildutako familia batean jaio eta hazi zen Andoni.

Osaba, Manuel Lekuona, euskal poesia eta bertsolaritzaren ikertzaile handia. Anaiak, Juan Mari eta Julen, poeta eta musikaria; hurrenez hurren. Andoni, berriz, soziologo eta idazle gisa egin zen ezaguna Euskal Herrian.

Aipaturiko anaiek bezala, Andonik ere apaiz ikasketak egin zituen. Beste bi anaiak, Julen eta Juan Mari, apaiz izatera ailegatu baziren ere Andoni bidean geratu zen. Ikasketak egiten ari zela, Parisa joan eta soziologiako ikasketak egin zituen. Bere unibertsitate ikasketetan nekazaritzako lerroa hautatu zuen. Horrela, Baserriko Irabazbideak (1969) eta Estudio Socio-económico del Caserío Guipuzcoano (1971) liburuak argitaratu zituen. Zabalegi eta Oronoz Mugairiko nekazaritza eskoletan irakasle aritu zen. Ondoren, Siadeco ikerketa elkartean hasi zen lanean. Halaber, 1970. hamarkada bukaera aldera Ehne, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, sindikatua abian jartzeko lanean ere aritu zen. Horrez gain, 2010. Urtean Oiartzungo Udalak argitaratzen duen Mugarri liburu bildumako liburua idatzi zuen: Oroipena Zor. Fusilatu eta desagertuak Oiartzunen. Oiartzungo herriak bere doluminak erakutsi nahi dizkio familiari.

Hendaiara ezkondu zen, eta bertan bizi izan zen azken egunera arte, bere emaztearekin. Gorputz beila ere atzo ilunabarreko 19:00ak arte Hendaiako beilatokian izan zen.

Hileta elizkizunak, ordea, gaur izango dira Oiartzunen, Done Eztebe elizan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos