Amorratzaileak Oiartzunen, lanbide berezi baten nondik-norakoak

Oiartzungo udal aktak erreparatuta, XVIII. mendetik aurrera sendagile misteriotsu horren arrastoak topatzen dira./
Oiartzungo udal aktak erreparatuta, XVIII. mendetik aurrera sendagile misteriotsu horren arrastoak topatzen dira.

XX. mende hasieran oraindik bere jarduna mantentzen zuten

GOIZARINOIARTZUN.

Historian, gizartearen beharren arabera, lanbideak sor-tzen joan dira. Prozesu horren baitan, ogibide batzuk beren horretan diraute, hainbatek moldatu behar izan dute eta beste asko, desagertu egin dira edo desagertzeko zorian daude. Antzinako gizarteetan murgiltzen garenean atentzioa ematen diguten hainbat topa daitezke (borreroa, ehortzailea, zirujau-bizargina, albaitaria...). Horien artean bazen bat aurreko mendeetako gizartearen sinesmenekin estuki lotuta egon dena, eta XX. mende hasieran oraindik bere jarduna mantentzen zuena: amorratzaile edo salutadorea.

Amorrua oso hedatua zegoen gaixotasuna zen, bereziki landa eremuan. Eraginak eta aurre egiteko tresna mugatuek gaitzaren inguruan hamaika sinesmen ekarri zuten. Amorratzaileak gaixotasunaren sendaketaren baitan sortu ziren, nahiz eta bestelako gaitzak ere jomugan izan zituzten.

Lan egiteko prozedura misterio-tsua zen: beraien arnasa, hatsa edota listua erabiliz sendatzen zuten, baita pixa ere, eta bitartean otoi-tzak eta konjuruak burutzen zituzten. Izaera bitxia hortik haratago zihoan: halako jardunean aritzen zirenak bikote bereko zazpigarren semea edo alaba ziren, tartean kontrako sexuko umerik jaio gabe; ohikoena gizonezkoen lanbidea bazen ere, ezagun da emakumeak zeregin horretan aritu zirela. Gabon Gauean edo Ostiral Santuan jaiotakoek ere amorratzaile-dohainak garatzeko joera omen zuten. Hori gutxi balitz, gorputzean markak garatzen zituzten; ezagunenak mingainpean, ahosabaian, hanketan, bularrean edo esku-azpian gurutze-seinaleak ziren. Halako ezaugarriak izateak pertsona horri dohain misteriotsuak ematen zizkion, amorratzaile lanak egiteko funtsezkoak zirenak.

Salutadoreak gizarteak zuen eskari bati emandako erantzuna izan ziren. Oso ohikoa zen gaixotasuna pairatzen zuten udalerrietatik kanpoko pertsonak ekartzea. Badirudi Ezkio-Gabiria-Ormaiztegi alde horrek (eta Albizturrek) amorratzaileen gune kuttuna osatzen zuela, baita Oiartzunen ere.

Oiartzungo Amorratzailea

Bailarako udal aktei erreparatuta, XVII. mende amaiera arte ez dugu sendagile misteriotsu horien arrastorik. 1696tik aurrera, hamarkada luze batez, Gabiria-Ormaiztegi aldeko bat ibili zen lan horretan: Fran-tzisko Altube edo Anduaga izenekoa (bi abizenak agertzen dira, lehenengoa ugariena delarik). Berari buruz datu gutxi ditugu, eta ez dira oso argiak. Ezkioko bataio-agirietan, Fran-tzisko Altube Mendia agertzen zaigu 1654ko maiatzaren 25ean. Hiru anai-arrebetan nagusiena izan zela ematen du. Ondorioz, amorratzaileen inguruko kondairak ezarritako hainbat baldintza betetzen ez zituen pertsona bat. Badirudi 1674ko uztailean Ormaiztegin ezkondu zela, bertan izen bereko baten eta Angela Agirrezabalen arteko lotura dokumentatua baitugu. Herri horretan bertan zendu zen, 1711n, otsailak 25.

Oiartzunen izan zuen jarduerari dagokionez, 1696ko otsaila inguruan aritu zen. Lehen datua hil horren 19koa da eta horren arabera, Maria Angela Urbietarenean zortzi egunez apopilo hartuta egon zen, egonaldiaren gastuak udalbatzaren gain.

Altube ez zen era finko batean jardun; bere zerbitzuak aldizkakoak izan ziren. Aktek ez dute berarekin sinatutako hitzarmen, kontratu edo akordioei buruzko daturik ematen, eta badirudi beharren arabera dei egin zitzaiola. Honela, lehenengo aztarnatik hamarkada luze batean ez dugu gurean ikusiko. 1707an gaixotasuna uste baino hedatuagoa zegoen. Amorratzailea martxoa erdialdean egun gutxi batzuk egin zituen. Handik hiru astera berriz dei-tzeko erabakia hartu zen. Arrazoia apirilaren 9an Jeronimo Unseinek udalbatzaren aurrean agertu zuen: salutadoreak bere lana amaitu eta Oiartzun utzi ondoren, zakur amorratu batek Jeronimoren eta beste hainbaten abelburuei kosk egin zien.

Fotos

Vídeos