Amaitu da aurtengo Guraso Eskola, Elizalde Herri Eskolan

Oso gai interesgarriak landu dituzte aurtengo Guraso Eskolan. / BASTEROBERRI
Oso gai interesgarriak landu dituzte aurtengo Guraso Eskolan. / BASTEROBERRI

«Gurasoek horrela eskatuta, aurten 'Sexua Hezkuntzan' izan da aztertu duten gaia», azaldu dute eskolatik

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Dagoeneko amaitu da Elizalde Herri Eskolako Guraso Eskola. «Gurasoek horrela eskatuta, aurten 'Sexua Hezkuntzan' izan da aztertu duten gaia. Horretarako, Kizkitza Arozena sexologoaren laguntza izan dute, bost astez.

«Oso gai interesgarriak landu ditugu, esate baterako, sexua eta sexu-hezkuntza desberdindu eta bakoitzaren berezitasunak lantzen aritu gara», nabarmendu dute. Bestalde, «sexu organoak, hilekoa eta isurketa, masturbazioa, homosexualitatea, transgenerotasuna, feminitatea eta maskulinitatea, plazerra eta ugalketa ere jorratu ditugu», gaineratu dute. «Eta hau guztia haurrekin nola landu konpartitzea gozamena izan da». Era berean, «jarrera irekiaren izenean, beldurrak eta lotsak alde batera uztea mesedegarria dela konturatu gara».

Bost astez luzatu da Guraso Eskola. «Mediatekan elkartu gara astero. Hasiera batean lau saio antolatu arren luzatzeko nahia sentitu dugu eta horrela burutu dugu».

Elizaldeko arduradunek azpimarratu dute gurasoek oso balorazio positiboa egin dutela. «Datorren ikasturteko gaiak ere iradoki dizkigute».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos