Abittu zerbitzuak jarduera fisikorako orientazioa eskainiko die oiartzuarrei

Atzo aurkeztu zen Abittu. / BASTEROBERRI
Atzo aurkeztu zen Abittu. / BASTEROBERRI

Atzotik aurrera martxan da zerbitzua, Elorsoro kiroldegian

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Abittu jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua martxan jarri du Oiartzungo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Mugiment ekimenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol sailaren laguntzarekin.

Bizitza osasuntsurako aholkularitza eskainiko die Abittuk herritarrei. Zerbitzua Elorsoro kiroldegian kokatuko da eta astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 11:00etara, Mikel Lopez orientatzailea arduratuko da aholkuak, irizpideak, informazioa eta bestelakoak emateaz. Atzotik aurrera martxan dago Abittu zerbitzua. Hitzordua 943 49 52 25 deituta edo abittu@oiartzun.org-ra idatzita eskatu daiteke.

Abitturen filosofia

Eneritz Arbelaitz alkateordeak azaldu duenez, «jarduera fisikoa egiten ez duten herritarrei bideratutako zerbitzua da, aktibo bihur daitezen eta jarduera fisikoaren bidez euren bizi kalitatea hobetu dezaten: osasunerako positiboa izateaz gain, sozializaziorako tresna ere bada».

Iñaki Iturriotz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak emandako datuen arabera, «gipuzkoarren lautik bat ez da iristen bizi osasungarrirako aholkatutako jarduera fisikoa egitera». Sedentarismoari aurre egiteko erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Iturriotzek.

Abittu zerbitzuaren onuradun izan daitezkeenak identifikatzeko Oiartzungo eragileekin sare bat osatzea da helburua, Ion Treku Oiartzungo kirol teknikariak azaldu duenez. Horrela, udaletxeko sail ezberdinen, anbulatorioaren, ikastetxeen edota kiroldegiaren arteko elkarlana bultzatuko da. Orientazio zerbitzuak herritarra artatu, haren egoera baloratu eta beharrak identifikatu ondoren, Oiartzungo baliabideen eta aukeren arabera gomendio pertsonalizatuak emango zaizkio erabiltzaileari. Aste honetan bertan, Kirol Astearen baitan, Txarako zirkuitu bio-osasungarria erabiltzeko tailerra eskainiko du Abittuk. Gaur, 10:00etan eta 17:00etan eta ostegunean, hilak 15, ordu berean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos